Sanjuanetako ohiturei jarraituko diete Urrestillan, baina festak ohiko erara ospatu gabe

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 21a, 20:58
Iazko sanjuanetako artxiboko irudia.

Asteazkenean, San Juan bezperan, lizarra sartu eta sua piztuko dute 23:00etan, urteroko ohiturari jarraituz. Ekintzen antolatzaileek nabarmendu dute ezingo dela plazatik pasatu ekitaldiak irauten duen bitartean. Bertaratu nahi dutenek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte aurrez, eta mugatuta egongo dira. Urrestildarrek izango dute lehentasuna. Hilaren 26rako ere antolatu dituzte ekintzak. 

Azpeitiko Udalak jakinarazi zuenez, aurten ez da San Juan festarik izango Urrestillan. Hala ere, ohiturei jarraituz, hainbat ekintza egingo dituzte datozen egunetan. Asteazkenean, San Juan bezperan, zuhaitza sartu eta sua piztuko dute 23:00etan hasita. Herritar talde batek antolatu ditu ekintzak Azpeitiko Udalarekin batera. 

Zuhaitzaren sartzea eta suaren piztea streaming bidez emango dituzte –oraindik ez dute jakinarazi zein izango den emanaldiaren kanala–, baina bertatik bertara ikusteko aukera ere izango da. Horretarako, ordea, gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa izango da. Gonbidapenak bihar emango dituzte, 19:00etatik 20:30era bitartean, Urrestillako zubi gainean. Pertsona bakoitzak bost gonbidapen eskatu ahal izango ditu, eta 10 urtetik beherako haurrek helduen magalean eseri ahalko dute. 

Gonbidapenik ez duenak, aldiz, ezingo du plazatik igaro ekitaldiak irauten duen bitartean. "Segurtasun neurriak betetzen ez badira, ezingo da ekitaldirik egin. Beraz, errespetatu arauak", adierazi dute. 

Ekainaren 26rako ere antolatu dituzte ekintzak, eta horietarako gonbidapenak ere mugatuta egongo dira. Errietan taldeak kontzertua eskainiko du 18:00etan hasita, eta bertaratzen direnek plazan jarritako aulkietan eseri beharko dute. Ondoren, zuhaitzaren entierroa egingo dute, urteroko ohiturari jarraituz. Hilaren 26rako gonbidapenak eskuratu nahi dituztenek ere bihar eskatu beharko dituzte Urrestillako zubi gainean, 19:00etatik 20:30era bitartean.

Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak azaldu duenez, Urrestillako herritarrek "zerbait sinbolikoa" egin nahi zuten, eta hainbat neurri hartuta "zerbait xumea" egitea adostu dute. Dena den, herritarrei "ardura" eskatu die: "Badakigu festa estimatuak direla Urrestillakoak, baina ezohiko egoerak ez du beste ezer antolatzeko segurtasun bermerik eskaintzen. Horregatik, mesedez eskatzen diegu herritarrei beren nahiz komunitatearen osasuna zaindu eta arduraz jokatzeko".