Iraurgi Berritzenek berritu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duen hitzarmena

Gaurko lan jardunaldiko irudi bat. (Azkoitiko Udala)

Donostian, Etorkizuna Eraikiz Gunean, egin duten lan jardunaldian berritu ditu Aldundiak lurraldeko garapen agentzia guztiekin dituen akordioak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, astelehena, lurraldeko gainerako garapen agentziekin batera. Donostian, Etorkizuna Eraikiz Gunean, egin dute lan jardunaldia, eta han berritu dute akordioa. Zehazki, bertan izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko presidentea eta Begoña Beobide zuzendaria, baita Aldundiko hainbat ordezkari ere: Markel Olano diputatu nagusia, Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua.

Akordioa Lurralde Garapenerako Laborategiaren sostengu nagusia da; izan ere, laborategi horretan Etorkizuna Eraikiz egitasmoak sustatzen duen gobernantza irekiaren eta lankidetzazkoaren eremua lurralde osora zabaltzeko egiten dute lan. Aldundiak azaldu duenez, azken lau urteetan 200 proiektu baino gehiagotan aplikatu da eredu hori, hala nola 4.0 industrian nahiz Elkar-Ekin Lanean proiektuko gizarteratze sareetan. Bi erakundeek bailararen garapenaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. "Akordio hau berritzeak elkarlanaren gobernantza eta Etorkizuna Eraikiz bera indartzeko aukera ematen digu, lurraldeak eta eskualdeak hurbilduz", esan du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Olanok, gainera, Gipuzkoako garapen agentziak lurralde garapenaren egiten ari diren lana azpimarratu du, eta esan du udalek sortutako erakunde horiek "berebiziko garrantzia" izan dutela eskualdeen garapenean. Izan ere, haren ustez, egungo munduan estrategia bateratuak garatzeko "ezinbestekoa" da elkarlana bultzatzea eta indarrak batzea: "Eskualdeek ekarpen handia egin behar dute etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko prozesuan, Etorkizuna Eraikiz gidatzen ari den ahalegin kolektibo horretan".

Olanoren ustez Aldundiak eta eskualdeetako garapen agentziek "helburu komun" bat partekatzen dute: "Lurraldearen garapena bultzatzea, eta estrategia horren oinarria lidergo partekatua eta bi aldeen autonomia lortzea da". Olanoren arabera, gainera, bultzatzen ari diren gobernantza eredua "heldutasunean eta sakontasunean" irabazten ari da. "Maila anitzeko gobernantza bultzatzen ari gara, hitzarmen hau sinatzen ez duten beste eragile batzuetara ere iristea lortzen baitugu".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide