Musikaz eta dantzaz alaitu dute igande eguerdia

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 20a, 13:44

Juan Antxieta musika eskolako eta Luix Beltza dantza eskolako ikasleek emanaldia eskaini dute eguerdian Soreasu antzokian. 5 eta 15 urte bitarteko neska-mutil ugari aritu dira dantzan, eta giro ezin hobea sortu da.

Musika, dantza eta alaitasuna; horiek izan dira gaur eguerdian Juan Antxieta musika eskolako eta Luix Beltza dantza eskolako ikasleek eskaini duten emanaldiko osagai nagusiak. 12:30ean hasi da ikuskizuna, eta dantza eskolako ikasleen dantzak ikusteaz gain, musika eskolako txistularien, trikitilarien eta abarren musika entzun ahal izan da zuzenean.

5 eta 15 urte bitarteko neska-mutilak aritu dira dantzan, eta guztira, hamabi dantza mota taularatu dituzte. Zehazki, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko dantzak izan dira eskaini dituztenak. Normalean, Sanjuandegiko festetan egin ohi dute dantza emanaldia Luix Beltza eskolako ikasleek, baina festen faltan, Soreasun egin dute gaurko saioa. Giro ezin hobea sortu da aretoan.