Batxilergoko bigarren mailako neskak, nerabeen artean izurriak gehien kolpatu dituenak

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 21a, 09:00
Alex Altolagirre eta Ane Arenas Gaztelekuko hezitzaileak.

COVID-19ak nerabeei nola eragin dien aztertu dute Alex Altolagirre eta Ane Arenas Gaztelekuko hezitzaileek; 12 eta 18 urte bitarteko 755 nerabe azpeitiarrek erantzun dute haiek prestatutako galdetegia. Diagnostiko horren bidez, hainbat ondorio atera dute. Honako hau da bat: Batxilergoko bigarren mailako neskak dira izurriak gehien kaltetu dituenak.

Gizarte osoari eragin dio COVID-19aren izurriak, eta nerabeena izan da kolektibo kaltetuenetako bat. Alex Altolagirrek eta Ane Arenasek urteak daramatzate Gaztelekuko hezitzaile lanetan, eta ederki nabaritu dituzte aldaketak gazteen artean. Nerabeei antzemandako jokabide batzuk tarteko, susmo batzuk zituzten, baina horiek hala ote ziren baieztatzeko, galdetegi bat egitea erabaki zuten duela denbora bat. Herriko ikastetxeetan ikasten duten 12 eta 18 urte arteko 755 nerabe azpeitiarrek –381 neskak eta 374 mutilek– erantzun dute haiek prestatutako inkesta, eta jasotako erantzunekin diagnostiko bat osatu dute. Emaitzak esku artean, hainbat ondorio atera dute.

Inkestan egindako galderek honako gai hauek biltzen dituzte: COVID-19a norbere ikuspegitik, familia, lagunak eta harremanak, ikastetxea, aisialdia eta osasuna. Aipatzekoa da nerabeek galdetegia bete zuten sasoia ere: Aste Santuaren aurreko bi asteetan erantzun zituzten galderak; garai hartan, tabernek 20:00 arte zuten irekita mantentzeko baimena, eta etxeratze agindua 22:00etan ezarria zegoen.

Hezitzaileek atera duten ondorioetako bat honako hau da: emozionalki egoera okerrenean dagoen kolektiboa Batxilergoko bigarren mailako neskena da. Inkestaren amaieran, zer egoera emozionaletan zeuden galdetu zieten nerabeei, eta erantzun posibleen artean, nahi adina aukera zitzaketen. Batxilergoko bigarren mailako nesken %80k erantzun zuten desmotibatuta zeudela, %70ek gorabeheratsu, %50ek kezkatuta, %50ek arduratuta, %41ek triste, %38k urduri, %22k norbere buruarekin gustura ez eta %20k arnas falta eta babes falta sentitzen zituztela. Aldiz, %18 bakarrik sentitzen ziren ongi, %10 norbere buruarekin gustura, %2 lasai eta %2 motibatuta. Mutiletan, aldiz, adin bereko %49k adierazi zuten desmotibatuta zeudela. Hezitzaileen arabera, "alde handia" dago mutilen eta nesken erantzunen artean. DBH1eko nerabeen artean, %80k erantzun du ongi eta lasai dagoela; beraz, adinak ere badu eragina erantzunetan.

Beste ondorio bat da gailu digitalen erabilera handitu egin dela, bai eskuko telefonoena, bai ordenagailuena. Mutiletan, gainera, bideo jokoen erabilerak ere gora egin du. Gailu elektronikoen erabilera areagotu izanak pornografiaren kontsumoan ere eragin du, Arenasek azaldu duenez: "Mutiletan asko egin du gora pornografiaren kontsumoak; oso orokortua dago kontsumo hori. Gainera, Omegle aplikazioa erabiltzen dute egungo nerabe askok, izan neska ala mutil; mundu osoko jendearekin txateatzeko aukera ematen du aplikazio horrek. Adineko gizon askok erabiltzen dute Omegle masturbatzeko, eta aplikazio horren bidez, oso irudi esplizituak ikusi dituzte nerabeek, filtratu gabeak. Mutil gazteen portzentaiarik altuena pornografiarekin masturbatzen da. Horrez gain, masturbazioak eta masturbazio konpultsiboak ere gora egin du konfinamenduan". 

Nesken eta mutilen artean, "sekulako diferentzia"

Altolagirrek eta Arenasek sekulako aldea nabaritu dute mutilen eta nesken erantzunetan. Zergatik, ordea, halako diferentzia? Arenasek azaldu duenez, "ezberdin gizarteratzea" da horren arrazoia. "Oso ezberdina da neskek eta mutilek zaintzari edo ardura kontuei buruz duten iritzia. Zeren falta sumatzen duten galdetzean, neskek askoz ere gehiago aipatzen dute familia; mutilek, berriz, maskarak molestatu egiten diela –DBH1 eta 2 mailetakoek– nahiz parrandaren edo festaren falta sumatzen dutela –DBH3tik gorakoek– aipatzen dute. Pintzelada batzuk oso kuriosoak dira, baina, era berean, genero ikuspegitik erabat interpretagarriak dira. Argi gelditzen da zer baliorekin hezten gaituzten emakumeak eta gizonak".

Lagunarteko harremanei dagokienez, kuadrillen artean gorabehera asko zituztela nabaritu zuten hezitzaileek, batez ere, nesken artean. Gai horri lotutako galderetan, datuek okertzera egiten dute adinean gora egin ahala: hau da, zenbat eta helduago, are gehiago bizi izan dituzte lagunarteko gatazkak. DBH4n, Batxilego lehen mailan eta bigarrenean identifikatu dituzte lagunarteko gorabeherarik handienak. Gaztelekuko egunerokoan antzeman dute zer-nolako zailtasunak izan diren harremanetan: "Tabernetara joaterakoan eta, lauko muga zegoen ezarria, eta horregatik, batzuk ezkutuan gelditzen hasi ziren, besteei ez abisatzen... Horrek eragina izan du harremanetan", azaldu du Altolagirrek.

Generoaren eta adinaren arabera banatu dituzte erantzunak, eta ondorio argi bat atera dute Gaztelekuko hezitzaileek: nesken eta mutilen artean ezberdinak dira erantzunak, eta adinean gora egin ahala, areagotu egin dira arazoak. "Gazte hauei nerabezaroaren parte bat kendu edo aldatu die pandemiak. Gu lasai asko ibiltzen ginen adin horrekin, eta egungo gazteei hainbeste gauza arautu zaizkie...", esan du Altolagirrek.

Bestelako gauza batzuez ere ohartu dira hezitzaileak: elikadurarekiko arazoak ugaritu dira, kirol ohiturak aldatu dira, lo egiteko zailtasunak dituzte zenbaitek, heriotzari beldurra diotela nabarmendu dute beste batzuek, amorrua kanalizatu ezinda beren buruari min egitera iritsi direnak ere izan dira... Askotarikoak dira, beraz, egungo errealitateak gazteengan eragin dituen gorabeherak.

Aurtengoa urte konplikatua izan den arren, Altolagirrek eta Arenasek nabarmendu dute lanerako "oso urte interesgarria" izan dela. "Edukiera mugak tarteko, lan metodologia aldatu behar izan dugu, baina askoz ere arreta pertsonalizatuagoa eman diegu gazteei. Nerabeekin egon gara eta haiekin jolas egin dugu, baina hori aitzakia bat baino ez da haien bizitzetan murgildu eta bidelagun izateko. Gure lanak askoz ere gehiago du emozioen eta gatazken kudeaketatik nahiz prebentziotik guzti horretatik baino", esan du Arenasek.