'Uda klase ikuspegitik aztertzen' izenburupean, hainbat ekintza antolatu du GKSk hilaren 26rako

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 20a, 10:26

Lanaz, hezkuntzaz eta aisiaz hausnartzeko mahai-ingurua, bazkaria eta Katarsia musika taldearen kontzertua antolatu ditu Azpeitiko GKSk hilaren 26rako. Mahai-inguruan Azpeitiko gazteak izango dira beren esperientzietatik abiatuta hitza hartuko dutenak. Sarrerak salgai daude jada. 

Uda ate joka dagoela eta, "gazteek udan izaten dituzten arazoak problematizatzeko" eguna antolatu du Azpeitiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Ekainaren 26an, larunbatez, Uda klase ikuspegitik aztertzen izenburupean hainbat ekintza egingo dituzte.  

Antolatutako egitarauari hasiera emateko, mahai-ingurua egingo dute Frontoi Txikin. Bertan, lanaz, hezkuntzaz eta aisiaz hausnartuko dute, Azpeitiko hainbat gazteren esperientzietatik abiatuta. 

Ondoren, bazkaria egingo dute, eta arratsaldean Katarsia musika taldearen kontzertua izango da, 17:00etan hasita. Bazkarirako nahiz kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko Haginpe tabernan. Egun osoko txartela zortzi euro ordaindu beharko da, eta kontzerturako sarrera hiru euro. 

Udako kanpaina

Ekainaren 26rako prestatutako egitaraua udara begira martxan jarri duten kanpainaren barruan antolatu dute. "Uda, gazteontzat, klase zapalkuntzak zeharkaturiko urteko garaia da, eta ez, saldu ohi diguten gisara, kezka eta arazorik gabeko disfruterako momentua. Aldi batekotasuna, soldata debaluazioa eta ikasgeletako eduki hutsalak jasan behar izaten ditugu, besteak beste. Horregatik, uda garaiko gazteon problematikak azaleratzea helburu, baliabide ideologikoak jarriko ditugu martxan datozen asteetan", azaldu du Azpeitiko GKSk sare sozialetan. Kanpaina horren barruan bi mural egin zituzten herrian, eta salatu zuten maiatzean egindako lan kontratuen %92,4 "aldi baterakoak" izan direla.