Jendez bete dute Gaztetxea Arroiteren estreinaldiak eta Ukabilen doinuek

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 19a, 12:51

Sarrera guztiak agortuta, kontzertu bana eskaini zuten atzo Azpeitiko Ukabil eta Arroite musika taldeek. Arroiteren aurreneko emanaldia izan zen atzokoa, eta musikari azpeitiarrei harrera beroa egin zieten Gaztetxera bertaratutakoek. Ukabilek ere gogotik gozatu zuen oholtzan. Atzoko kontzertuekin bukatu dute Azpeitiye desegin musika zikloa. 

Amaierara iritsi da joan zen apirilean hasitako Azpeitiye desegin musika zikloa. Azpeitiko musika taldeak eta musikazaleak izan dira zikloaren protagonistak, eta atzo herriko bi musika talderen emanaldiekin borobildu zuten egitasmoa. Hilabeteotan zehar, Trini Fox eta Hook taldeen, Ütherren eta Erniaren nahiz Ukabil eta Arroiteren kontzertuak, Azpeitiko musika taldeen diskografiaren errepasoa eta musika eta politika hitzaldia eskaini dituzte, besteak beste. 

Sarrera guztiak agortuta –gaur egungo sarrera muga kontuan izanda– eskaini zituzten kontzertuak Arroitek eta Ukabilek. Arroite izan zen kontzertua eskaintzen aurrenekoa, eta Gaztetxera bertaratutakoen oihu eta txalo artean igo ziren oholtzara taldea osatzen duten hiru musikariak. Haiek azaldu dutenez, hilabete luzetan zehar prestatutako kontzetua izan zen atzokoa, "mimoz prestatutakoa". Punk, OI! eta rock musika izan zen protagonista atzoko kontzertuan, baina doinu mexikarrek ere izan zuten beren tartea. Gainera, oholtzan bertan jarritako biniloetako musika entzuteko tartea ere izan zen. Ia ordu eta erdiko zuzenekoa eskaini zuten Arroiteko musikariek, eta bertaratutakoen txalo zaparrada artean amaitu zuten estreineko emanaldia. 

Arroiteren ostean igo ziren Gaztetxeko oholtzara Ukabil musika taldeko kideak. Haiek ere gogotik gozatu zuten oholtzan. Dagoeneko ondo ezagutzen dute Gaztetxeko eszenatokia Ukabileko lau gazteek, hirutik hiru emanaldiak bertan eskaini baitituzte, eta etxean bezala aritu ziren atzo. Beraiek sortutako abestiak ez ezik, hainbat talde ezagunen kantuak ere eskaini zituzten. 

Horrela, doinu berrien eta ezagunen artean agurtu dute Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Azpeitiye desegin zikloa.