Koronabirusa Azpeitian

Eremu horian egonkortu da Azpeitia azken astean

Andoni Elduaien 2021ko eka. 18a, 14:26

Azken zazpi egunetan hamabost kasu zenbatu dituzte herrian, aurreko astean baino bost kasu gutxiago. Eremu laranjan zegoen Azpeitia joan den astean, eta azken egunetan horian egonkortu da.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txosten eguneratua, eta horren arabera, bi kasu positibo detektatu dituzte Azpeitian azken orduetan. Intzidentzia tasak behera egin du apur bat herrian, eta 229,96an kokatu da gaur. 

Azken zazpi egunetan –ekainaren 11tik ekainaren 17era bitartean– hamabost kasu positibo baieztatu dituzte Azpeitian: bat atzo, hiruna asteazkenean eta astelehenean, lau asteartean, eta bana larunbatean igandean eta joan den asteko ostiralean. Positiboek behera egin dute azken egunetan; izan ere, aurreko astean hogei positibo baieztatu zituen Osasun Sailak Azpeitian, azken astean baino bost positibo gehiago. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere behera egin du herrian. 302,23koa zen joan den ostiralean zenbatekoa Azpeitian, egun baino 70 puntu altuagoa.

Zazpi kasu eskualdean

Urola Kostan, guztira, zazpi positibo izan dira azken orduetan. Azpeitiko bi positiboez gain, Zumaian hiru positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Intzidentzia tasak, gainera, zertxobait egin du gora han: 234,05tik 244,23ra igo da. Beste bi positiboak Azkoitian eta Orion zenbatu dituzte, bana herri bakoitzean. Azkoitian intzidentzia tasa 250,35era jaitsi da, eta Orion 130,46ra Eremu gorritik horira igaro da Azkoitia egun gutxian, eta eremu laranjatik horira pasatu da Orio.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian, Zarautzen –42,83 tasarekin eremu berdean– eta Zestoan ez dute kasu positiborik atzeman.

207 positibo Hegoaldean

Hego Euskal Herrian 7.668 froga egin zituzten atzo, eta horietatik 207 positiboak izan dira. Araban 20 atzeman dituzte, Bizkaian 107 eta Gipuzkoan 35. Beste lurraldeetan bizi diren hiru pertsonak ere positibo eman dute. Osakidetzaren mendeko erietxeen egoerari dagokionez, atzo 19 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusak jota. Gaur gaurkoz 71 lagun daude erietxeetan COVID-19aren ondorioz, horietatik 51 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 125,47koa da, eta Labi batzordea gaur arratsaldean bilduko da neurri murriztaileak arintzeko.