Datorren astean irekiko dituzte autismoa duten pertsonentzako Gautenaren lokalak

Julen Otaegi Leonet 2021ko eka. 18a, 13:11
Gautenaren eguneko zentroko sarrera, Loiolako Inazio Hiribidean. (Julen Otaegi Leonet)

Datorren astean irekiko ditu Gautena elkarteak autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroa eta etxebizitzak, Loiolako Inazio Hiribidean. 22 pertsonentzako edukiera izango du eguneko zentroak, eta bi espaziotan banatuko da. Bi etxebizitza ere izango dira; zazpi logela izango ditu bakoitzak. Gaur goizean, horiek ikusteko aukera izan dute gerturatu diren herritarrek. 16:00etatik 18:00etara ere izango da bisitatzeko aukera.

Duela urte eta erdi hasi ziren egokitzapen lanetan, eta, azkenean, hurrengo astean ekingo dio lanari Gautena autismoaren Gipuzkoako elkarteak Azpeitian. Loiolako Inazio Hiribidean irekiko dituzte autismoa duten pertsonei bideratutako eguneko zentroa eta etxebizitzak, Etxebeltz-Izarrako etxeetan. 65 eta 67 zenbakidun lokaletan egin dute eguneko zentroa; etxebizitzak 81 eta 83 zenbakidunetan egin dituzte –75 eta 77 zenbakidun lokalak ere prestatu dituzte, haien erabilera oraindik zehazteke bada ere–. Guztira, 1.242 metro koadroko hiru gune egokitu dituzte.

Eguneko zentroa bi espaziotan banatuko da; erabiltzaileen talde osoa ere bitan banatuko da. Hasieran, 22 pertsonarentzako edukiera izango du eguneko zentroak. Bi espazioek izango dituzte egongela, sukaldea, jantokia, tailerrak egiteko gela, komunak... Informatika gela, bulegoa eta bilera gela bat ere egongo dira. Aintzane Diaz hezitzailea halako espazioen funtzioaz aritu da: "Talde dinamika desberdinak lantzeko erabiliko da eguneko zentroa. Trebetasuna, gaitasuna, aisialdiko ekintzak... Pertsona bakoitzaren beharren eta interesen arabera jardungo dugu".

Bi etxebizitza ere egin dituzte 81 eta 83 zenbakidun lokaletan, bakoitza zazpina logelekin. Orotara, hamalau pertsonak izango dute bizitokia bertan. Eguneko zentroaren antzera, egongela, sukaldea, jantokia, komunak ere badituzte etxebizitzek. Urola Kostako autismoa duten pertsonak hartuko dituzte bertan; Donostian izan dira orain arte. Izan ere, Gautena Donostia aldean "oso lokalizatuta" zegoela adierazi dute langileek, eta "birlokalizatzeko beharra" ikusten zuten.

Ondorioz, eskualdekoak direnak Azpeitira eramango dituzte datorren astetik aurrera. Talde berria sortuko dute, baina, Gautenan hasi berriak ere egongo baitira. Etxebizitzetakoez gain, eguneko zentroan ere egongo dira kanpotik doazen erabiltzeaileak.

Lokalak ikusteko aukera

Gaur, ostirala, goizean bertaratu diren herritar batzuek Gautenaren azpiegitura berriak ikusteko aukera izan dute. Elkartearen aurkezpen bideo baten ostean, eguneko zentroko eta etxebizitzetako gune desberdinak ikusi ahal izan dituzte, bertako langileek lagunduta. Arratsaldean ere izango da aukera bisita gidatua egiteko, 16:00etatik 18:00etara bitartean.