Sanjuanetan ez da festarik izango Urrestillan

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 18a, 12:31
2020ko sanjuanetako artxiboko irudia. (Maialen Etxaniz)

Ohiko San Juan festarik izango ez bada ere, iaz bezala, "ekitaldi sinboliko gisa", arbola sartuko dutela jakinarazi du udalak. Era berean nabarmendu dute "egoerak onera egin badu ere", oraindik ez dela festarako momentua.

Aurten ere ez da festarik izango sanjuanetan Urrestillan. Horrela erabaki dute Azpeitiko Udalak eta Urrestillako Festa Batzordeak. "Urtebete baino gehiago da pandemiaren ondorioz herritarron osasuna zaintzeko eta babesteko neurriak hartzen hasi ginela; egoerak onera egin badu ere, oraindik ez da festarako momentua", azaldu dute. Hori dela eta, beste urte batez, "jende pilaketak ekiditeko helburuz", ez da festarako ekitaldirik antolatuko: "Herritarrei egun horietan Urrestillara ez joateko deia egiten diegu, ez delako festarik izango”, zehaztu du Mikel Odriozola Festa batzordeburak.

Ohiko San Juan festarik izango ez bada ere, iaz bezala, "ekitaldi sinboliko gisa", arbola sartuko dutela jakinarazi du udalak: "Urrestildarrek zerbait sinbolikoa egin nahi zuten, eta hainbat neurri hartuta, aurten ere, zerbait xumea egitea adostu dugu. Baina ez da festarik izango eta herritarrei bertara ez joateko eskatu nahi diegu. Badakigu festa estimatuak direla Urrestillakoak, baina aurtengo ezohiko egoerak ez du beste ezer antolatzeko segurtasun bermerik eskaintzen. Mesedez eskatzen diegu herritarrei norbere zein komunitatearen osasuna zaintzeko arduraz jokatzeko".