Koronabirusa Azpeitian

Maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izango kanpoaldean ekainaren 26tik aurrera

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 18a, 12:26

Datorren osteguneko ezohiko Ministro Kontseiluan onartuko dute neurria, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gaur aurreratu duenez.

Ekainaren 26tik aurrera, hurrengo asteko larunbatetik, ez da derrigorrezkoa izango aire zabalean maskara erabiltzea. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak aurreratu du neurria, eta iragarri du datorren ostegunean, ekainak 24, Ministro Kontseiluaren ezohiko batzarrean onartuko duela Espainiako Gobernuak.

2020ko maiatzean eman zuen agindua Espainiako Gobernuak, maskarak toki publiko itxietan eta kalean bi metroko distantziarik gorde ezin zenean derrigor erabiltzeko, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko neurri gisara. Uztailean, kanpoaldean maskara derrigor erabiltzeko agindu hori zorroztu egin zuen Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako; harrezkero, kalean ere derrigorra izan da uneoro maskara jantzita ibiltzea.

Toki publiko itxietan maskarak derrigor erabili beharko dira oraindik.