Sormen erakusketa herrikoia jarri dute Orkatzen, 28. urteurreneko ekitaldien harira

Anartz Izagirre 2021ko eka. 18a, 10:07

Besteak beste, bi bertso, narrazio labur bat eta eskulanak egin dituzte sortzaileek Utzi leiho bat zabalik gaian oinarrituta. Erakusketa ekainean zehar egongo da ikusgai Orkatz tabernan.

Orkatz kultur elkarteak 28 urte beteko ditu aurten, eta urteurrenari begira, egitarau oparoa antolatu dute egunotarako. Besteak beste, sormen lehiaketa jarri zuten martxan duela aste batzuk, eta guztira, askotariko bederatzi lan aurkeztu dituzte parte-hartzaileek Utzi leiho bat zabalik esaldia gaitzat hartuta: bi abesti, bertsoak, narrazio labur bat, collage-a, marrazkia eta eskulanak. Honako lotura honetan entzun daiteke sormen lehiaketara aurkeztutako Xaguen baltsa abestia, eta beste honetan, Leiho bat.

Erakusketa ekainean zehar egongo da ikusgai Orkatz tabernan. Bestalde, sormen lehiaketan parte-hartu duten guztien artean bi kultur bono zozkatuko dituzte.

Ekitaldi gehiago

Horrez gain, aurrera jarraitzen dute Orkatzen 28. urteurreneko gainontzeko ekitaldiek. Gaur, ostirala, Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. Oraindik ere eskuragarri daude emanaldirako txartelak Kulturazen webgunean. Eta bestetik, bihar, zapatua, bi ekitaldi izango dira: goizean pala txapelketaren finala izango da, eta 18:00etan, berriz, Iheskide taldeak kontzertua eskainiko du Soreasun —lotura honetan eskura daitezke sarrerak—.