Azpeitiak bihar jokatuko du Astigarraren kontrako finalerdietako itzulerako partida

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 18a, 08:44
Azpeitia-Astigarraga, Herriartekoaren finalerdietako joaneko partida. (Urtzi Oteiza)

Bihar erabakiko da Azpeitiak aurtengo Gipuzkoako Herriartekoaren finala jokatuko duen edo horren atarian geldituko den. Joaneko partida 2 eta 1 irabazi zuten Ilunpeko pilotariek, eta tantoetan ere badute abantaila. Bihar 10:30ean hasita jokatuko dituzte finalerdietako itzulerako partidak Astigarragan, eta Mundarroren Youtubeko kanalaren bidez, Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango dira horiek.

Larunbatez jokatuko dituzte Azpeitiak eta Astigarragak Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketaren finalerdietako itzulerako partidak. Astigarragan neurtuko dituzte indarrak aste honetan, 10:30ean hasita. Kadeteetan Labaka eta Egiguren arituko dira Azpeitiko ordezkari lanetan; jubeniletan Egiguren eta Elosegi; eta seniorretan Alberdi eta Murgiondo. 

Joan zen ostiralean jokatu zituzten joaneko partidak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta Azpeitia nagusitu zen markagailuan. Beraz, esan daiteke Ilunpeko pilotariak abantailarekin aterako direla bihar pilotalekura. Hala ere, Astigarragakoek ez diote erraz jarriko finalerako txartela. Joaneko partidetan, kadeteetan 22-2 nagusitu zen Azpeitia, baina jubeniletan Astigarraga gailendu zen, 5-22. Seniorretan, berriz, 22-14 irabazi zuen Azpeitiak. Beraz, bihar erabakiko da nor sailkatuko den aurtengo Herriartekoaren finalera: Azpeitia edo Astigarraga. 

Biharko partidak zuzenean emango ditu Mundarro elkarteak, eta Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango dira.