Datorren ikasturtera arte agur esan dute Juan Antxieta musika eskolakoek

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 18a, 09:06

Aurten bi zatitan egin duten ikasturte amaierako jaialdiaren azken saioa eskaini zuten atzo Soreasun ikasleek osatutako talde instrumentalek.

Bigarren ostegunez jarraian, Juan Antxieta musika eskolako ikasleek bete zuten atzo Soreasu antzokiko oholtza. Musikaren begirada izenarekin, bi zatitan eskaini du aurten musika eskolak ikasturte amaierako jaialdia, osasun larrialdiari aurre egiteko neurriak bete ahal izateko.

Aurreko astean banda gaztekoak eta abesbatzakoak izan ziren azken hilabeteetan ikasitakoak eta landutakoak jendaurrean erakutsi zituztenak; atzo, berriz, talde instrumentalen txanda izan zen. Klarineteak, txistulariak, piano-jotzaileak, gitarristak eta metal saileko instrumentuen interpreteak igaro ziren atzo oholtzatik, eta talde bakoitzak bina pieza eskaini zituen. Tartean, sail desberdinetako instrumentuekin osatutako ikasle talde batek Mikel Urdangarinen pieza bat eskaini zuen, arratsaldeko ezusteko emanaldian.

2020-2021 ezohiko ikasturtea amaituta, datorren ikasturtera arte agur esan zuten musika eskolako ikasleek eta irakasleek, 2021-2022an oholtza zein ikus-entzuleen eserlekuak beteago ikusteko esperantzarekin.