Koronabirusa Azpeitian

Hiru positibo hauteman zituzten atzo herrian eta intzidentzia tasak gora egin du

Maria Maya 2021ko eka. 17a, 13:10

Urola Kostan, Azpeitian eta Zumaian –bi kasu– bakarrik zenbatu zituen positiboak atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Hego Euskal Herrian, guztira, 236 izan dira detektatutako kasuak, eta intzidentzia metatuaren tasak behera egin du lau lurraldeetan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzte atzo, asteazkena, herriz herri egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Urola Kostan, orotara, bost kasu positibo hauteman zituzten. Azpeitian zenbatu zuten kasu gehien; hiru, hain justu ere. Horiekin, azken zazpi egunetan denera hamahiru dira herrian azaleratu diren positiboak, eta inguruko herri ia denetan ez bezala, zertxobait gora egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, 243,10etik 256,24ra.

Emaitza positiboak zenbatu dituzten beste herria Zumaia da; bi kasu zenbatu dituzte han. Zumaian ere gora egin du Intzidentzia tasak, 223,87tik 234,05era.

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman. Azkoitia eremu gorritik atera zen atzo, eta beherantz jarraitzen du tasak: 317,12ko tasa dute gaur-gaurkoz, eta eremu laranjan dago herri hori. Orion, bestalde, 130,46 da kasu metatuen tasa, eta eremu laranjatik horira igaro da. Zarautzen dute 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena, 51,50ko tasarekin, eremu berdean dago. Aizarnazabalen –260,08– eta Getarian –141,34– eta Zestoan –26,68– atzoko tasa bera mantentzen dute. Egoerarik onena Aian eta Beizaman dute, hutsean mantentzen baitute intzidentzia tasa. 

Ospitaleetako egoerak, hobera

Hego Euskal Herrian 9.141 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 236 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zuten kasurik gehien (115), eta ondoren, Nafarroan (46), Gipuzkoan (38) eta Araban (28). Positibotasun tasa % 2,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta % 3,2koa Nafarroan. Azken egunetako egoerari jarraituz, intzidentzia metatuaren tasak beherantz jarraitzen du lau lurraldeetan; 150etik beherako tasa dute lauretan.

Ospitaleetako egoerak hobera egiten jarraitzen du. Herenegun 138 gaixo zeuden Osakidetzaren mendeko erietxeetan izurritearen eraginez, eta 122 ziren atzo. Horietatik 53 daude ZIUetan.

COVID-19ren aurkako neurriez hitz egiteko Labi batzordearen bilera deitua du biharko Iñigo Urkulluk. Neurriak arintzea aztertuko dute, eta bide hori hartuko balute, astelehenetik aurrera izango lirateke indarrean neurriok.