Azoka Plazako erronkei aurre egiteko lantaldea eratu dute ekoizleek eta eragileek

Julene Frantzesena 2021ko eka. 17a, 09:21
Azoka Plazaren bueltako lantaldeko kideak saio batean.

Azoka Plazako ekoizleek, Elikaguneko kideek, Urkomek eta udalak eratu dute lantaldea. Gipuzkoako azokak sustatzeko egindako prozesuan identifikatu zuten horiek Azoka Plazaren inguruko lanketak egiteko nahiz koordinaziorako lantaldea sortzeko beharra. Taldearen helburua da partaidetza prozesuan adostutako ekintza plana elkarlanean gauzatzea, azoka indartzeko eta hobetzeko.

nAzoka Plazaren nahiz hango jardunaren inguruko erronkei erantzuteko xedez, lantalde bat eratu dute hainbat eragilek, hala nola ekoizleek, Elikaguneko kideek, Urkomek eta udalak. Talde horren helburua da partaidetza prozesuan adostutako ekintza plana elkarlanean gauzatzea, azoka indartzeko eta hobetzeko helburuz.

Azokak sustatzeko eta saretzeko partaidetza prozesuan parte hartu du Azpeitiak, Gipuzkoako beste hamabost herrirekin batera. Azken hilabeteotan gauzatu duten prozesuan erronka berriak identifikatu zituzten herriko Azoka Plazako eragileek, eta haiek Azoka Plazaren inguruko lanketak egiteko nahiz koordinaziorako lantaldea sortzeko beharra hartu zuten erronkatzat.

Azpeitiko azokan parte hartzen duten eragileen arteko hausnarketa partekatua egitea izan da prozesuaren xedea; hau da, azokari duen balioa ematea eta aurrera begirako erronkak identifikatzea. Horretarako, lehenik hainbat elkarrizketa egin dituzte, eta Azoka Plazaren inguruko diagnostikoa osatu ere bai. Ondoren, hausnarketarako taldea eratu zuten.

Udalak adierazi duenez, Azoka Plaza berritu zenetik hango eragileen nahiz baserritarren egoerak "hobera" egin duela jaso dute azterketan. "Urte gutxian asko aldatu da Azoka Plaza, bai kanpotik, baita barrutik ere. Hala, gaur egun, duela zenbait urte baino harreman sare estuagoa dute ekoizleek; azokek, Elikaguneak edo Enkarguk bezalako proiektuek bertako produktuak erosteko erraztasunak ekarri dituzte, eta gazteen artean ere ari da bertako produktuak erosteko ohitura zabaltzen", azaldu du Azpeitiko Udalak.

Dena den, egoera hobetu bada ere, baserritarren eta eragileen ustez badira "hobetzeko puntuak eta erronka berriak" ere. Hala azaldu du udalak: "Duela zenbait urte erosleak falta bazien, gaur egun produktuen falta sumatzen da. Horrez gain, ekoizle berrien eta belaunaldi berrien beharra gero eta nabarmenagoa da".