Udan euskararen garrantzia ikusarazteko 'Bertatik Bertara' kanpaina abiatu du Uemak

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 16a, 16:23

Irailaren erdialdera arte izango da martxan kanpaina, eta horren xedea da bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera eta erabiltzera animatzea. Horretarako hainbat baliabide prestatu ditu Uemak. Dozenaka udalek –tartean Azpeitikoa– eta hainbat garapen agentziak egin dute bat kanpainarekin.

Aurtengo udan ere Bertatik bertara kanpaina abiaraziko du Uemak, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko. Gaurtik irailaren erdialdera arte izango da martxan kanpaina, eta horren helburua da bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera eta erabiltzera animatzea. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu Uemak, eta iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. Dozenaka udalek –tartean Azpeitikoa– eta hainbat garapen agentziak egin dute bat kanpainarekin, iaz bezala. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Azpeitia. 

Bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu Uemak, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.

Hona hemen Bertatik bertara: gure herria, gure hizkuntza, gure arnasa kanpainaren spota: