Koronabirusa Azpeitian

Lau positibo zenbatu dituzte Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko eka. 16a, 13:01

Positibo kopuruak gora egin duen arren, intzidentzia tasak behera egin du herrian; 243,10ekoa da zifra hori gaur-gaurkoz. Eremu horian jarraitzen du Azpeitiak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta lau positibo baieztatu dituzte Azpeitian. Halere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 243,10era jaitsi da, eta eremu horian jarraitzen du herriak.

Urola Kostako herrietan, hamar positibo zenbatu dituzte guztira, herenegun baino sei positibo gehiago. Eskualdeko gainontzeko positiboak Orion, Zumaian eta Zarautzen hauteman dituzte; hiru, bi eta bat, hurrenez hurren. Hiru herri horietako intzidentzia tasek behera egin dute; Orion 212ra jaitsi da, Zumaian 223,87ra eta Zarautzen 77,10era. Hala eta guztiz, eguneko azpimarra nagusia Azkoitian izan da, hainbat aste eremu gorrian egon ostean laranjara igaro baita. Atzo ez zuten positiborik zenbatu han, eta intzidentzia tasa 342,15era jaitsi da. Halere, Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria da oraindik, baita eremu laranjan dagoen bakarra ere.

Urola Kostako beste herrietan ez da positibotik izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aian 50,38koa, Aizarnazabalen 260,08koa, Beizaman hutsa, Errezilen 161,03koa, Getarian 141,34koa eta Zestoan 25,68koa.

Ospitaleetako presioa, behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 9.133 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 210 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (89), eta ondoren, Nafarroan (64), Gipuzkoan (35) eta Araban (20). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo beste bi pertsonak ere positibo eman zuten proban. Positibotasun tasa, berriz, %3,4koa da Nafarroan, eta %2koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 138 gaixo daude COVID-19agatik ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 54 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 35 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik bederatzi daude ZIUetan.