Herri Eskolak egingo ditu Ikasle Abertzaleakek zapatuan Gaztetxean

Dorleta Agiriano 2021ko eka. 16a, 08:07
Iazko abenduaren 6ko Herri Eskolak, Gaztetxean. (IA)

Hezkuntzaren funtzioak izenburuarekin egingo dute hausnarketa saioa, 11:00etan hasita.

Ikastetxeetan amaitzear da ikasturtea, eta aurtengoa borobiltzeko, Herri Eskolak antolatu dituzte Urola Kostako nahiz Urola Erdiko Ikasle Abertzaleakek (IA). Larunbat honetarako, ekainaren 19rako, Azpeitiko Gaztetxean jarri dute hitzordua Urola Erdiko ikasleek; ekainaren 25ean, berriz, Zumaiako Herri Eskolan bilduko dira gazteak. Herri Eskolen aurreko edizioetan egin modura, elkarrekin gogoeta egitea eta formakuntza politikoan sakontzea izango da asmoa oraingoan ere.

Azpeitian 11:00etan ekingo diote saioari larunbatean, eta indarrean den hezkuntza sistemaren oinarriak nahiz funtzioak aztertuko dituzte. Zumaian 12:30ean irekiko dute egitaraua hilaren 25ean, eta auzi berdina landuko dute bertaratzen diren gazteek, Egungo hezkuntzaren funtzioak izeneko saioaren bidez. Horren ostean, dena den, bazkaltzeko aukera egongo da Zumaiako Herri Eskolako frontoian; ogitartekoak eskainiko dituzte. Bazkaldu eta gero, gainera, Murxi DJaren musika emanaldia izango da.