Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan hiru positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 15a, 13:18

Azpeitiko intzidentzia tasak gora egin du zertxobait. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasa, aldiz, 146,52ra jaitsi da; Jaurlaritzak neurriak arintzeko ezarri zuen 150eko tasa baino baxuagoa da, beraz. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian argitaratu ditu atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, hiru kasu positibo zenbatu dituzte Azpeitian. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, berriz, 256,24tik 262,81era igo da Azpeitian. Hala, intzidentzia tasak gora egin duen eskualdeko udalerri bakarra da Azpeitia, baina eremu horian jarraitzen du.

Urola Kostako gainerako herrietan, ordea, berdin mantendu da edo zertxobait behera egin du intzidentzia tasak. Zumaian eta Zarautzen, hurrenez hurren, 274,75etik 244,23ra eta 132,78tik 98,51ra jaitsi da da tasa, baina bi herriek jarraitzen dute eremu horian. Aian (50,38), Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (0), Errezilen (161,03), Getarian (141,34), Orion (244,62, eremu horia da oraindik) eta Zestoan (25,68) atzokoan bezala mantendu da kasu metatuen tasa.

200 kasuren azpitik

Atzo egindako proben bidez, 178 kasu positibo baieztatu dituzte Hego Euskal Herri osoan; hain zuzen, 83 Bizkaian, 35 Gipuzkoan, 36 Nafarroan, hogei Araban eta lau beste lurralde batzuetan. Bezperan baino kasu gehiago baldin badira ere (148 izan ziren igandean), positibotasun tasak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz Nafarroan: %3tik %2,2ra jaitsi da Nafarroan, eta %2,6tik %1,8ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Dena den, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan ospitaleratze gehiago izan ziren atzo; COVID-19ak jota, hamasei pertsona ospitaleratu zituzten igandean, eta 30 atzo. Koronabirusa dela eta, guztira 96 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta 59 dira ZIUn daudenak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 146,52ra jaitsi da; Jaurlaritzak neurriak arintzeko ezarri zuen 150eko tasa baino baxuagoa da, beraz. Hain zuzen ere, Labiren azken bileraren ondoren jakinarazi zuen Jaurlaritzak intzidentzia metatuaren tasa 150era jaitsi arte edo 50 urtetik gorakoen txertaketa %90era iritsi arte, "eta ospitaleetan inpaktua beheranzkoa bada" neurriak ez zituela arinduko.

Honako neurri hauek arintzea aurreikusi zuen Jaurlaritzak intzidentzia tasa 150 baino baxuagoa bazen: jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 01:00etara luzatzea; merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultur ekitaldietan eta kultu aretoetan edukiera handitzea; ekitaldietarako gehienezko edukiera handitzea, 600 lagunera arte barnealdean eta 800 lagunera arte toki irekietan; ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea; txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin; areto itxietan kirol jarduera ahalbidetzea, gehienez hamarreko taldeetan; kirol ekitaldietan publikoa baimentzea %60ko edukierarekin, gehienez 800 pertsona areto itxietan edo 1.200 pertsona kanpoan; bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko taldeak handitzeko aukera ematea; eta edukiera %60ra handitzea igerilekuetan, lorategietan, hoteletako terrazetan eta kanpinen kanpoaldean.