Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala izango da ostiralean

Julene Frantzesena 2021ko eka. 15a, 12:20
Dinamoa sormen gunearen sarrera. (Kulturaz)

Goizean ordezkari instituzionalen eta sormen arloko kideen txanda izango da, eta besteak beste, han izango dira udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak. Arratsaldean, berriz, herritarren txanda izango da. Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzte irekiera ofizialerako hitzorduak.

Soreasu auzoan kokatuta dagoen Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala izango da ostiralean. Kulturaz kooperatibaren egitasmoetako bat izanik, 2019ko irailean hasi zen gune hori bidea egiten, eta Kulturazek eta Azpeitiko Udalak ostiralerako antolatu dituzte irekiera ekitaldi ofizialak. Hain zuzen ere, goizerako nahiz arratsalderako prestatu dituzte hitzorduak.

11:00etan hasita, euskal arduradun instituzionalei, sormen guneetako ordezkariek nahiz sortzaileei harrera egingo diete Kulturazeko eta udaleko ordezkariek Dinamoaren atarian, eta ondoren, solasaldia eskainiko dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nahiz Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak. Saioa Xabier Gantzarain Kulturazeko langileak gidatuko du.

Solasaldia amaitzean, bisita gidatua egingo dute Dinamoan, eta zehazki, gorputzaren, hitzaren eta irudiaren eremuetako esperientzia praktikoetako kideak izango dira bertan, hala nola ATX antzerki konpainiakoak, Hitzaren III. Eskolako kideak zein serigrafia tailerrekoak. Horiek azalpen laburrak emango dizkiete goizeko hitzordura joaten diren ordezkariei, eta gainera, ikus-entzunezko batzuk ikusgai izango dira pantailetan.

Arratsaldean, berriz, herritarrei zuzendutako ekitaldia izango da, 18:00etatik aurrera, Soreasuko atarian. Giroko musika izango da, eta osasun egoerak ahalbidetzen badu, mokadua eta bisita gidatua ere izango dira. Aforoa kontrolatu egingo dute antolatzaileek.

Kooperatibismoaz jardunaldia

Dinamoa sormen gunea Azpeitiko Kultur Mahaiak sustatuta sortu zen. Gunea euskalduna, Euskal Herrikoa eta mundukoa da, sormena eta transmisioa ardatz dituena, eta aurrera begira, soinuaren eremua ere lantzeko asmoa dauka. Kulturazek kudeatzen du sormen gunea, udalaren eta euskal erakundeen laguntzarekin. Azpeitiko Sanagustin kulturguneak aurten 10 urte bete dituela eta, Kulturazek eta udalak, ospakizuneko Herri Batzordeko kideetakoak izanik, egoki ikusi zuten haren egitarauaren barruan sartzea Dinamoaren irekiera ofiziala.

Hil honetan, 10. urteurreneko beste ekitaldi bat izango da: hilaren 25ean, ostiralez, Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia, Sanagustinen. Bertan izena emateko epea zabalik da; interesatuek bestehamaikabizitzeko@gmail.com helbidera idatzi beharko dute; doan da. Jardunaldiari buruzko informazioa honako lotura honetan eskura daiteke.