Osasun larrialdietako teknikariek eskerrak eman dizkiete ostiraleko istripuaren inguruan suertatu ziren gidariei

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 14a, 17:56

Gidariek, beren kabuz, Esklabetatik istripuaren lekura arteko korridorea ireki zieten larrialdi zerbitzuetako profesionalei, lehenbailehen irits zitezen zauritua artatzera. Larrialdietako teknikariek herritarrei eskerrak eman dizkiete sare sozialen bidez. 

Ostiral arratsaldean auto baten eta moto baten arteko istripua izan zen Loiolan. Abisua jaso orduko, Esklabetan duten egoitzatik ziztu bizian abiatu ziren osasun larrialdietako teknikariak. Ezbeharraren larritasuna alde batera utzita, ustekabe atsegina hartu zuten larrialdietako profesionalek, gidariek, euren kabuz, korridorea zabaldu baitzieten istripuaren lekura lehenbailehen iritsi eta zauritua ahal bezain azkarren artatzeko. Larrialdietako teknikariek eskerrak eman dizkiete gidariei, eta Esklabetatik istripuaren lekura arteko ibilbidea jasotzen duen bideoa argitaratu dute Twitterren.