Ander Avellanedak jarraituko du Lagun Onak FTren gizonen talde nagusia entrenatzen

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 15a, 09:02
Ander Avellaneda. (Mailo Oiarzabal)

Klubak jakinarazi duenez, beste urtebeterako kontratua egin diote Tolosako entrenatzaileari. Iazko azaroan iritsi zen Avellaneda Azpeitiko taldera, Aitor Zubizarreta ordezteko.

Joan den zapatuan bukatu zuen denboraldia Lagun Onaken gizonen talde nagusiak, ordurako lanak eginda eta datorren denboraldian ere Espainiako Hirugarren Mailan lehiatuko dela ziurtatuta. Orain, 2021-2022 denboraldi horri begira jarri dira dagoeneko Azpeitiko futbol klubean, eta sasoi berrirako eman duten lehen pausoa jakinarazi dute: Ander Avellanedak jarraituko du taldea entrenatzen. Sare sozialen bidez zabaldutako mezuan, Avellanedari kontratua beste urtebetez luzatu diola jakinarazi du Lagun Onak FTk, "denboraldia on bat egin ondoren".

Iazko azaroan iritsi zen Avellaneda Lagun Onaken aullkira, Anaitasunaren kontrako derbiaren atarian, Aitor Zubizarretak utzitako tokia hartzeko. Taldea sailkapenaren zuloan zegoen. "Emaitza on pare bat kateatzea da behar duguna, egoerari buelta ematen hasteko", zioen entrenatzaile tolosarrak Uztarriari emandako elkarrizketan. Kostatu zitzaion Lagun Onaki emaitza onak kateatzea, baina denboraldiaren bigarren zatian asko aldatu dira gauzak, eta, azkenean, lortu du taldeak mailari eustea.