AEBetako NAS altzairu etxea hornitzeko kontratua lotu du Sarrallek

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 14a, 16:01
North American Stainless (NAS) altzairu etxearen lantegia, AEBetako Kentuckyn. (Sarralle)

Altzairua luzetara ebakitzeko makineria egingo du Azpeitiko enpresak Arcelor taldeko lantegi horrentzat. Makina berriak ekoizteaz gain, horiek Kentuckyko lantegian instalatzeko eta muntatzeko zerbitzua ere eskainiko dio Sarrallek NASi. AEBetako altzairutegiekin aurten sinatu duen bigarren kontratu handia da honakoa Sarrallerentzat.

Martxoan Arcelor Mittal eta Nippon Steel Corporation (AM/NS Calvert) enpresekin Alabaman altzairua ekoizteko lantegi oso bat hornitzeko kontratua lortu zuela jakinarazi ondoren, Amerikako Estatu Batuetako (AEB) beste altzairutegi bat hornitzeko kontratu berria lotu duela jakinarazi du orain Sarralle enpresak.

AEBetan Azpeitiko enpresari aurten esleitu dioten bigarren proiektua Acerinox taldeko North American Stainless (NAS) etxearentzat altzairua luzetara ebakitzeko makineria berria hornitzeko da, hain zuzen ere. Altzairu herdoilgaitzezko bobinak ekoizten ditu NASek, eta bobina horiek prozesatzeko makina berriak egingo ditu Sarrallek. Makina berriak ekoizteaz gain, horiek muntatzeko eta abian jartzeko zerbitzua ere eskainiko dio Sarrallek NASi, AEBetako etxeak Kentuckyn duen lantegian. Sarrallek ohar bidez jakinarazi duenez, makinak instalatzeko eta martxan jartzeko lanak 2022ko lehen hiruhilekoan egitea aurreikusten dute.

"Beste pauso bat aurrera"

Kontratu berriaren zenbatekorik ez dute eman, baina Sarralleren arduradunak gustura agertu dira proiektuarekin. NASekin egindako kontratuari esker "beste pauso bat eman du aurrera Sarrallek AEBetako merkatuan", diote, "EPC hornitzaile gisa eta munduko altzairu-fabrikatzaile garrantzitsuenen bazkide gisa hartu duen konpromisoa berretsi" duela gaineratuta.

Kontratu berriarekin gauzatuko duten ekoizpen prozesuaren xehetasunak ere eman dituzte Sarrallekoek. 35 tona arteko bobinak prozesatzeko gaitasuna izango duen altzairua luzetara ebakitzeko (0,4 mm eta 3,0 mm arteko lodierarekin) makineria berria diseinatu eta egingo du Sarrallek NASentzat. Makina berriek "lantokiko ekoizpena areagotzeko aukera" emango diote AEBetako altzairutegiari, Sarrallek azaldu duenez; inbertsio berriarekin, "are gehiago indartu eta finkatuko da NAS etxea altzairu herdoilgaitzaren fabrikatzaile lider gisa".

"Epeak bete ahal izateko", bi lan ildo garatuko ditu Sarrallek Azpeitiko lantegian: batetik, Frantziako Acerinox etxetik irtsiko zaizkion ekipamenduak berrituko ditu; eta, bestetik, Kentuckyrako makina berriak diseinatu eta ekoitziko ditu. Gainera, instalazio eta muntatze zerbitzuak (mekanikoak, hidraulikoak eta elektrikoak) bere gain hartuko ditu Sarrallek, kontrol armairu elektriko berrien fabrikazioa barne dela. "Makineria berria erabat automatizatuta egongo da, azken belaunaldiko sentsore eta kontrolekin. Ez da operadorearen jardunik beharko fabrikazio aginduak inportatzeko, eta, horrela, erroreak minimizatuko dira, eta produktibitatea indartuko da", diote Sarrallekoek.