Ikuskizun bateratua eskainiko dute igandean Juan Antxieta eta Luix Beltza eskoletako ikasleek

Anartz Izagirre 2021ko eka. 15a, 08:30
2020ko emanaldiko irudi bat. (Maialen Etxaniz)

12:30ean hasiko da ikuskizuna, Soreasun, eta dagoeneko eskura daitezke gonbidapenak Kulturazen webgunean. Dantza eta musika uztartuko dituzte emanaldian.

Urteroko ohiturari jarraituz, igandean, hilak 20,  musika eta dantza emanaldi bateratua eskainiko dute Juan Antxieta musika eskolako eta Luix Beltza dantza eskolako ikasleek, 12:30ean hasita, Soreasu antzokian. Ordubete inguru iraungo duen saioa izango da, eta dantza eskolako ikasleen dantzak ikusi eta musika eskolako txistularien, trikitilarien eta abarren musika entzun ahal izango da bertan.

Saiora joan nahi dutenek dagoeneko eskuragarri dituzte gonbidapenak Kulturazen webgunean. Osasun eta segurtasun neurriak direla-eta antzokiko edukiera mugatua izango da, eta ikuskizunak irauten duen bitartean maskara eraman beharko dute ikus-entzuleek.

Horrez gain, uztailaren erdialdean bigarren emanaldi bat eskaintzeko asmoa agertu dute, eta datozen asteetan emango dute ekitaldi horren berri.

Honako lotura honetan ikus daitezke iazko emanaldiko argazkiak.