Ignaziotar Urtearen testuinguruan hainbat bisita gidatu izango dira datozen hilabeteetan

Julene Frantzesena 2021ko eka. 14a, 10:50

Zapatuan, ekainaren 19an, izango da lehen bisita, eta irailaren 18ra bitartean 31 saio egingo dituzte, Loiola bailara: Loiolako Iñigo, bere garaia eta lurraldea izenburupean. Bisita gidatuak Vicente Davilak gidatuko ditu, eta horietara joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

Uda sasoirako hainbat bisita gidatu antolatu ditu Iraurgi Berritzenen turismo sailak, eta horiek ekainaren 19tik irailaren 18ra bitartean izango dira. Aurtengo bisitak Ignaziotar Urtearen testuinguruan prestatu dituzte, Loiola bailara: Loiolako Iñigo, bere garaia eta lurraldea izenburupean. Izan ere, aurtengoa Ignatius 500 ignaziotar urtea da, eta Loiolako Ignazio eraldatu zuen 'esperientzia' dago urtemugaren oinarrian.

Hamabi bisita mota izango dira datozen asteetan eta hilabeteetan, eta bailarako hainbat txoko nahiz istorio ezagutzeko aukera izango da horietan. Guztira,  31 saio egingo dituzte, horietako gehienak Loiolan. Dena den, bisitetako batzuk Azkoitian, Zestoan, Aizarnan eta Aizarnazabalen ere eskainiko dituzte. Vicente Davila Zestoako historialaria arduratuko da bisitak gidatzeaz.

Bisita guztiak doakoak izango dira, baina aforoaren muga tarteko, horietara joan nahi dutenek aurrez erreserba egin beharko dute 943-15 18 78 telefonora deituta, i-loiola@urolaturismo.eus e-posta helbidera idatzita edo eskualdeko turismo bulegora joanda (Loiola).

Hona hemen, bisita gidatuen egutegia: