Xabier Iturraldek eta Iosu Valencianok bikote onenaren saria eskuratu dute Uztai Txapelketa Nagusian

Julene Frantzesena 2021ko eka. 13a, 16:20
Iturralde atzoko txapelketan. (Angel de Lopez Aleman)

Uztai Txapelketa Nagusia izan zen atzo, zapatua, Tolosako zezen plazan, eta hiru minutuko txandan, bi uztai sartu zituen bikoteak. "Dena ematera" atera zirela esan du errekortariak, eta hori "nabaritu" egin zela uste du. Esker hitzak izan ditu atzo Tolosara joan ziren lagunentzat eta gertukoentzat, baita txapelketaren bueltan lanean aritu diren pertsonentzat ere.

Uztai Txapelketa Nagusia izan zen atzo, zapatua, Tolosako zezen plazan, eta han parte hartu eta sari batekin itzuli ziren etxera Xabier Iturralde azpeitiarra eta Iosu Valenciano itziartarra. Bikote onenaren saria jaso zuten horiek, beste bikote batekin batera, eta egindako lanarekin "oso gustura" agertu da Iturralde txapelketaren biharamunean; izan ere, bi uztai sartu zituzten hiru minutuko txandan.

Uztarria.eus-ekin hitz egin du errekortari azpeitiarrak, eta hark esan duenez, "espero bezala maila altuko txapelketa" izan zen atzokoa, bai ganaduari, bai errekortariei dagokienez. Iturralderen ustez, "oso ondo" joan zen ikuskizuna: "Hamargarren bikotea izan ginen, hau da, azkena. 302 zenbakidun Ladrona izeneko behi beltz bat egokitu zitzaigun guri, eta nahikoa ondo moldatu ginen. Hori bai, hiru minutu politak baino exijenteak izan ziren; gogorra egin zitzaigun, egia esan". "Dena ematera" atera zirela esan du errekortariak, eta hori "nabaritu" egin zela uste du: "Ikusleek hala baloratu zuten; izan ere, txalo zaparrada handia jaso genuen".

Azpeitiarrak esker hitzak izan ditu atzo zezen plazan "berotasuna" helarazi zioten lagunentzat eta gertukoentzat, antolatzaileentzat nahiz beren txandan behiarekin laguntzen aritu zirenentzat. "Zaleen berotasunak indarra eman zigun, eta eskerrak eman beharrean gaude. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiot Joanes Balentziaga errekortari azkoitiarrari, txapelketaren aurretik euskaldunok urduri geundelako eta denok lasaitzen eta guztioi aholkuak ematen aritu zelako".