Lagun Onaken agur omenaldia jaso du Joanes Otamendi kapitainak

Julene Frantzesena 2021ko eka. 13a, 12:51

Lagun Onakek atzo jokatu zuen denboraldiko azken neurketa Garmendipe futbol zelaian, eta partida hasterako omenaldia jaso zuen hamar urtez gizonen lehen taldean aritu den eta futbola utziko duen kapitainak. Aurrera Ondarroaren kontra jokatu zuen neurketa Lagun Onakek, eta 2 eta 3 galdu zuen. Dena den, datorren denboraldian ere Espainiako Hirugarren Mailan ariko da taldea.

Atzo jokatu zuen Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak 2020-2021 denboraldiko azken partida Garmendipe futbol zelaian, eta neurketa galdu egin bazuen ere, emozioz betetako arratsaldea izan zen; izan ere, Joanes Otamendi kapitainari omenaldia egin zion taldeak, futbola uzteko erabakia hartu duelako.

Hamar urte inguru eman ditu Otamendik Lagun Onakeko gizonen lehen taldean, Espainiako Hirugarren Mailan, eta taldean emandako urteen pareko aitortza jaso zuen atzo: Aurrera Ondarroa eta Lagun Onak taldeetako jokalariek pasilloa egin eta txalo zaparradarekin hartu zuten jokalaria neurketa hasi baino lehen. Gainera, etxeko taldeko beste bi kapitainek, Oinatz Elustondok eta Erik Aranburuk, bere argazki bat eman zioten hari.

Denboraldi gogorra igarota, mailari eustea lortu du Lagun Onakek. Hain zuzen ere, joan zen maiatzaren 29an Somorrostrori 2 eta 1 irabazita lortu zuen taldeak beste urtebetez Espainiako Hirugarren Mailan aritzeko txartela. Atzoko Aurrera Ondarroaren aurkako partida, berriz, galdu egin zuen etxeko taldeak: 2 eta 3 bukatu zen norgehiagoka.