Joanes Otamendi: "Futbolarion aroak bukatu egiten dira denbora igarota, baina Lagun Onaken balioek hor jarraitzen dute"

Julene Frantzesena 2021ko eka. 14a, 09:18
Joanes Otamendi aurtengo denboraldiko partida batean. (Otola)

Txiki-txikitatik Lagun Onaken aritua, Joanes Otamendik (Azpeitia, 1990) 11 denboraldi egin ditu gizonen lehen taldean. Hainbeste eman dion klubarentzat esker hitzak baino ez ditu izan, hezten ere lagundu diolako bidean. Futbola uzteko erabakia hartu du, baina futbolari esker bizitako uneak ez ditu albo batera utziko.

Zer dela-eta erabaki duzu futbola uztea?

Asko pentsatuta hartu dut erabakia. Egoera pertsonalak denbora gehiago eskatzen zidan, eta futbolak denbora asko eskatzen du, [Espainiako] Hirugarren Mailako futbolak bai behintzat, ia profesionalek adina entrenatzen da eta. Beraz, batetik, denbora faltagatik hartu dut erabakia, eta bestetik, gazteei bidea utzi behar zaiela uste dudalako. Pausoa alde batera emateko ordua iritsi zait, lehenago herriko beste hainbat jokalarik egin zuten moduan. Gazteak indartsu datoz, eta haiei bidea uztea dagokidala sentitzen dut.

Urteotako zer balorazio egiten duzu?

Dudarik gabe, positiboa. Lagun Onakek ez dizkit soilik lagun onak eman –asko izan dira horiek–, baina hori puntu oso indartsua da. Bestalde, Lagun Onakek hezi egin nau pertsona bezala; galtzen eta irabazten irakatsi dit. Kirol ibilbidean une on ikaragarri pasatu ditut, eta txarrak ere bai asko, baina une onak izugarriak izan dira. Asko ikasi dut.

Noiz egin zenuen debuta Espainiako Hirugaren Mailan? Zer oroitzapen duzu?

Data zehatzarekin ez naiz oroitzen, baina badakit Eibarko Unbe futbol zelaian izan zela, Eibar B-ren kontra. Lagun Onakekin egin nuen Hirugarren Mailan debuta; hamar bat minutu-edo jokatu nituen, eta hura zen adrenalina eta poza! Ez dut esango Realeko jokalarien parekoak zirenik, baina niretzat idoloak ziren herriko taldeko jokalariak garai hartan, eta haiekin jokatzea eta Lagun Onaken lehen taldearekin aritzeko pausoa ematea izugarria izan zen niretzat. Debuta beti izango dut gogoan: uste dut berdindu egin genuela, baina une hartan niretzat gutxienekoa zen emaitza; partida hartan asko irabazi nuen nik. Oroitzapen oso onak ditut.

Ordutik pasatu da denbora pixka bat. Zertan aldatu da Joanes futbol zelaian?

Hamar-hamaika urte pasatu dira ordutik, eta gauza askotan aldatu naizela uste dut. Futbol mailan, urteek ematen duten esperientzia irabazi dudala esango nuke, eta jokalari bezala, fisikoki aldatu egin naizela esango nuke; beste ezaugarri batzuk hartu ditut. Horrez gain, taldeak ematen dituen balioak barneratzen ahalegingu naiz, eta horiei esker pertsona osoagoa bilakatu naizela esango nuke. Gu ez gara futboletik bizi, urte oso onak pasatu ditugu, lagun asko egin ditugu –asko aurkariak–, eta uste dut horrela ikusi behar dela futbola. Debuta egitean gauzak ez dira horrela ikusten; dena lehia da, hori bakarrik ikusten duzu, eta beste gauza batzuk alde batera uzten dira irabaztea bakarrik daukazulako buruan. Baina partida bat irabaztea baino mila gauza garrantzitsuago daude.

Denboraldi hobeak edo txarragoak egokituko zitzaizkizun ibilbidean. Zein izan da bizi izan duzun unerik garratzena? Eta onena?

Dudarik gabe, une latz bat datorkit burura: gure taldekide Ugaitz Kerejeta zorigaitzeko istripu hartan hil zen unea. Gertaera horrek ez du izan parekorik, baina bigarren maila batean bizi izan ditugu une latzak, hala nola entrenatzaileen kaleratzeak, denboraldi honetan egin ditugun hiruzpalau hilabete desastreak... Une onenak, berriz, egunerokoak izan dira: barreak, entrenamenduetako uneak, autobusez egindako bidaiak, taldekide zoragarriekin bizi izandakoa... Une horiek sumatuko ditut faltan, eta ez behin igoera fasera sailkatu ginenean bizi izan genuena. Hura ere izugarrizko oroitzapena da, baina halakoak oso noizean behin bizitzen dira. Egunerokoan bizitzen diren printza horiekin gelditzen naiz.

Aurtengo denboraldia ere estua izan da Lagun Onakentzat. Dena den, lortu du mailari eustea. Zer balorazio egiten duzu?

Kirol ibilbidean bizi izan dudan unerik gogorrena aurtengoa izan da. Udatik joera edo dinamika txarrean sartuta geunden, eta ez genuen handik ateratzen asmatzen, ez ginen kapaz, ez genuen meriturik egiten egoera iraultzeko. Azken hiru hilabeteetan, ordea, asmatu dugu egoerari buelta ematen; gauzak ondo ateratzen hasi zitzaizkigun, zorte pixka bat ere izan dugu agian. Gauzak oso gaizki egin izanaren erantzukizuna gurea da, eta lanaren, ez etsitzearen eta egoskorkeriaren ondorioz, buelta emateko gai izan gara; denboraldi bukaeran gozatu egin dugu. Oso gustura nago urtea salbatzeko modua egin dugulako.

Taldearen garrantzia zenbaterainokoa da halako egoeretan?

Berebizikoa. Aldagela hori izan ez balitz, azken zortzi-hamar partidak alferrik izango ziratekeen guretzat. Hilda geunden; kanpotik begiratuta, taldeak hilda zegoela zirudien. Baina aldagelan lehenengo eguneko ilusioarekin jarraitzen genuen, elkarri laguntzen. "Hau ez dago galduta", esaten genion elkarri, eta indar horrek eraman gaitu azkenean mailari eustera.

Kapitaina izan zara. Zein da kapitainaren rola?

Kapitainetako bat izan naiz, baina ez lehenengoa: kapitaina Oinatz Elustondo da. Ni haren bizkartzaina izan naiz [barrez], laguntza behar zuenean hor izan dena Erikekin eta Sergiorekin batera. Nire adinekoa da Oinatz, kuadrillakoa dut, eta inork mailari eustea posible zela sinesten ez zuenean, hark sinetsi egiten zuen. Aipamen berezia egin nahi diot txiki-txikitatik ibili naizelako harekin futbolean eta une txarretan taldeari zulotik ateratzea posible zela sinetsarazi ziolako. Fitxatu dezakegu zelai erdian korrika pila bat egingo duen, gol pila bat sartuko dituen edo geldiketa izugarriak egingo dituen jokalari bat, baina arima hori eta ez etsitzeko ahalmen hori dituen pertsonak ezin dira inon erosi edo fitxatu.

Denboraldi guztia zalerik gabe aritu zarete. Agur esateko unea berezia izango zen zentzu horretan, ezta?

Oso tristea izan da denboraldia. Garmendipeko zaletuek aparteko energia ematen digute, nahiz eta 200-300 lagun izan. Ezagunak han egoteak eta zaleak deiadarka aritzeak energia ematen dit niri, eta aurten hori falta izan zaigu. Streaming bidez eman dituzte partidak, baina ez da gauza bera. Zaleen berotasuna eta animoak faltan sumatu ditugu. Zaleekin agurtu ez izanaren pena daukat, baina beno, hala suertatu da aurtengoa. Datorren denboraldian egoera aldatuko dela espero dut.

Zer eman dizu Lagun Onakek urteotan?

Umiltasun ikaragarria transmititu dit taldeak. Hirugarren Mailako talde umil bat izan da, balio oso markatuak dituena, baina teknikoki-eta hobeak ziren taldeak askotan izan ditugu aurkari, eta horien kontra beste arma batzuekin lehiatzen saiatu gara; balioak barneratu egiten dira. Horrez gain, aurkari guztiak errespetuz tratatzera bultzatu nau Lagun Onakek, eta lehiatzen ere irakatsi dit. Futbolarion aroak bukatu egiten dira denbora jakin bat igarota, baina Lagun Onaken balioek hor segitzen dute. Etorkizuneko futbolari guztiei balio horiek transmitituko dizkiola espero dut, Lagun Onak horrek egiten baitu handi.

Nola ikusten duzu utziko duzun taldea?

Nirea ez den Lagun Onakeko beste lehen taldeari, emakumeenari, aipamena egin nahiko nioke. Izan ere, denboraldi zoragarria egin dute, nahiz eta azken pausoa ematerik ez duten izan; ea datorren denboraldian helburua lortzen duten. Mutilen lehen taldea, berriz, oso lasai uzten dut; izan ere, jokatzeko gosez dagoen taldea ikusten dut, irabazteko gogoarekin dagoena. Zalantzarik gabe, datorren urtean zaletuoi poz batzuk emango dizkigu taldeak, eta Garmendipeko hegalean gozatu ederrak hartuko ditugula uste dut. Izugarrizko giza taldea dago, izugarrizko aldagela dago, eta hori sekulakoa da. Esku oso-oso onetan dago taldea, eta alde horretatik lasai noa.

Jokatu ez, baina zelaiaren kanpotik jarraituko duzu, beraz, Lagun Onak aurrerantzean?

Dudarik gabe. Oinatz Elustondok taldean jarraituko du, eta harekin egunero hartzen dudanez kafea, aldageletako txaskarrilloekin-eta enteratzen jarraituko dut [barrez]. Ahal dudanean partidak ikustera joango naiz, baina beste patxada batekin; zaletu bat gehiago izango dute aurrerantzean. Futbolak denbora asko eskatzen du, eta pauso bat aldamenera emanda, orain arte egin ez ditudan beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu nahi dut denbora.