Hanka bat Herriartekoaren finalean sartzea lortu du Azpeitiak

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 11a, 21:20

Eskuzko Herriartekoaren final-erdietako joanekoan, Azpeitiak Astigarragaren aurka neurtu ditu indarrak gaur arratsaldean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Kadeteetan 22-2 eta seniorretan 22-14 nagusitu dira etxekoak; jubeniletan, aldiz, astigartarrentzat izan da partida, 5-22. Itzulerako partidak datorren asteburuan jokatuko dituzte Astigarragan.

Azpeitia eta Astigarraga, azken urteotan Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren goren-gorenean dabiltzan bi herriak, nor baino nor aritu dira gaur arratsaldean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Herriarteko txapelketaren final-erdietako joaneko partidak jokatu dituzte, eta 2-1 nagusitu dira etxekoak. Azpeitiko taldeak finalerako bidean urrats garrantzitsua egin du horrela.  

Kolorerik ez du izan kadeteen mailako partidak. Faborito ziren azpeitiarrak, eta askoz gehiago izan dira, bai sakez eta bai jokuz. Urtzi Egigurenek eta Eneko Odriozolak 22-2 irabazi diete Xuban Goñi eta Aimar Zabala astigartarrei. Lehen tantoa kanpotarrek egin duten arren, hamalaugarrenera arte jarraian zenbatu dituzte etxekoek, partida erabat hautsiz, eta beste horrenbeste egin dute azken zortzi tantoetan. 

Jubeniletan, berriz, Astigarragakoak ziren faborito, eta haiek izan dira nagusi. Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiek 5-22 irabazi diete Josu Labaka eta Iker Egiguren azpeitiarrei. Kanpotarrek sekulako abiadura eman diote pilotari eta Ekaiñek asmatu egin du tantoa bukatzerakoan. Horrenbestez, bostean utzi dituzte etxekoak. 

Seniorretan, ostera, partida orekatua espero zen, eta halaxe izan da, nahiz eta 22-14ko emaitzak bestelakorik pentsarazi lezakeen. Unai Alberdi eta Daniel Murgiondok ordezkatu dute Azpeitia; Jokin Sanchezek eta Harri Loidik Astigarraga. Goi mailako partida jokatu dute lau pilotariek, luzea eta gogorra, eta azkenean, etxekoentzat izan da garaipena. Azpeitiarrak aurretik hasi badira ere, astigartarrek zazpigarren tantoan partida berdintzea lortu dute, baita 12-7 aurretik jartzea ere. Baina etxekoen txanda etorri da gero. Tantoak egin eta egin, hamabigarrengoan berdindu dute, eta aurretik jarri dira gero. Handik aurrera, markagailuan etxekoak izan dira nagusi, nahiz eta frontoian lan asko egin behar izan duten.     

Herriartekoaren final erdiak datorren asteburuan erabakiko dira. Azpeitiak Astigarragan jokatuko ditu itzulerako partidak, eta Oiartzunek eta Alegiak, Oiartzunen —joanekoak bihar jokatuko dituzte Alegian—. Finalera sailkatzen diren bi herriek ekainaren 26an jokatuko dute 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala.