Atzera begira

Jose Inazio Elias, kaleko txistularia Youtuben

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 11a, 10:35
Jose Inazio Elias, Azpeitiko garbitokian. (Mailo Oiarzabal)

Maiatzaren 17an, Uztarriara elkarrizketa egitera etorri aurretik, grabatu zuen Jose Inazio Eliasek txistuarekin 1.005. pieza. Pauen (Okzitania) hasi zen Eliasentzat Youtuben mila piezatik gorako bilduma osatzera eraman duen ezusteko bidea. Horretaz eta bere txistulari ibilbideaz hitz egin du 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian.

Maiatzaren 17an, Uztarriara elkarrizketa egitera etorri aurretik, grabatu zuen Jose Inazio Eliasek (Azpeitia, 1951) txistuarekin 1.005. pieza: Bonifazio Laskurainen Santa Marina Martxa, Zarautzen aurten ere ospatu gabe gelditu diren festa horien omenez. Zarautzen bizi da azpeitiarra, jaioterrian eman zituenak baino urte gehiago daramatza dagoeneko kostako herrian bizitzen, eta han garatu du txistuarekiko bere pasioaren ibilbide nagusia, Hodeiertz dantza taldearekin, musika eskolan irakasle Imanol Urbietarekin edota Goizeko Ihintza txistulari taldearekin.

"Denek deitzen didate Elias Zarautzen, izena zein den ere ez dakite askok", dio berak. Zarautzen, txistu doinuak entzunez gero, ez da urruti ibiliko azpeitiarra. Baina Azpeititik eraman zuen kostara musika instrumentu horrekiko grina. Arreba Begok 13 urte egin zituenean txistua oparitu zion aitak, baina hura pianoa jotzen ikasten ari zen eta ez zuen hartzen txistua. "Nik hartzen nuen txistu hura, eta gaur arte". Bere kasa hasi zen ikasten Elias. "Uso txuria izan zen ikasi nuen aurreneko pieza, neuk atera nuen. Aitak entzun ninduenean, non ikasi nuen galdetu zidan. Neure kasa ikasi nuela esan nionean, Andoni Albizuri Katxorengana bidali ninduen, harekin ikastera". Oargiren lokaletan entseatzen zuten, gaur egungo Baigera I-eko erakinaren laugarren solairuan. Anjel Aizpuru, Martzelino Etxaniz, Pio, Kruz Mari Frantzesena Belaetxe... Horiek izan zituen ikaskide Albizuriren eskoletan. "Zortea" izan zutela dio Eliasek Albizuri ezagutu izanarekin, haren oroitzapen oso ona gordetzen du. Beraiek txistua ikasten ari ziren garai berean, Oargiren dantza taldea ere martxan zen, eta "txistua ikasteko modurik onena" horrelako talde batean aritzea dela kontatu du: "Hogei mila aldiz errepikatzen zituzten dantzak, eta horrela, asko ikasten duzu".

Mendi irteerak izaten ziren hasierako urte haietan Eliasentzat eta lagunentzat txistuarekin trebatzeko beste aukera on bat. "Lehen egun-pasa joaten ginen mendira. Santa Engrazira, Xoxotera, Aralarrera, Urbiara... Jende pila bat joaten ginen", dio, eta mendi irteera haietan erromeria txistuaren bueltan egiten zutela gaineratu du: "Txistua izaten zen orduan, trikitia ez zen orain bezala entzuten. Gero, guri dena jan digu trikitiak. Eta niri ikaragarri gustatzen zait trikitia, e". Artean mutil gaztea zela, Juan Gurrutxaga Txokolorekin ere ibili zen Elias, garai bateko txistularien usadioan; Beizamako festetara joan eta bertan hiru egun emandakoa da, udaletxeko goiko solairuan lo eginez, egunez baserriz baserri txistua jotzen ibili ondoren.

Elias, Belaetxe eta Legazpi txistua jotzen, Xoxoten. (Utzitakoa)

Arrate Irratitik Youtubera

Pauen (Okzitania) hasi zen Eliasentzat Youtuben mila piezatik gorako bilduma osatzera eraman duen ezusteko bidea. Eta Pantxoa eta Peio abeslariek Zarautzera egindako bisita batek eraman zuen lehen aldiz Pauera azpeitiarra. Peio Ospitalekin "harreman estua" du Eliasek, eta haren bidez ezagutu zuen Jean Marc Lempegnat musikaria. "Haiekin etorri zen Zarautzera. Handik hilabetera ezkondu behar zuen, eta esan genion ezkondu ondoren etortzeko egun batzuk pasatzera gure etxera; hamabost egun pasatu zituzten gurean. Adiskidetasun ona egin genuen".

Ondorengo udan bisita trukean itzuli zioten Lempegnati, Pauera; hark etxean zuen grabagailu bat, eta zerbait grabatzera animatu zuen Elias. "Hamabosten bat egun egin genituen han eta bi pieza grabatu nituen, baina ez partitura eta ez ezer". Bakarka egindako lehendabiziko grabazioak izan ziren haiek Eliasentzat, baina musika grabatzen eta txistuaren bi ahotsak moldatzen bazuen eskarmentu pixka bat lehendik, Imanol Urbietarekin Xixupika eta Xirula Mirula diskoen grabaketan parte hartu zuenetik, hain zuzen. "Hurrengo urtean joan ginenean, [Lempegnatek] esan zidan ea zergatik ez nuen erosten berak zuena bezalako grabagailu bat". Eta horrela animatu zen bere grabagailua erostera. Aurreneko grabazioak 2009 aldean egingo zituela dio, ez da oso garbi akordatzen, baina. "Hasieran ez nituen Youtuben jartzen. Grabatu eta artxiboak gorde egiten nituen. Arrate Irratira bidaltzen hasi nintzen. Bernardori [Ibarra] esan nion nola neuzkan grabatuta, eta bidaltzeko, hark. Arrate da txistua entzuten duzun irrati bakarra. Hori oso inportantea da. Beste inon ez duzu entzuten, ez Euskadi Irratian, ez beste edozein irratitan".

Grabaketak pilatzen ari zen Elias, eta halako batean Juanma Pagadizabal lagunak Youtuben irekita zuen kanala eskaini zion, Zesteronekua, grabatutako doinuak bideo formatuan atondu eta Internetera igo zitzan. Horrela hasi zen Elias Pagadizabali grabazioak pasatzen, eta hark igotzen ditu Youtubera. "Ni horrelakoetan aldrebesa baino aldrebesagoa naiz", dio, "ordenagailuekin-eta" ez dela batere ondo konpontzen azpimarratzeko.

Doinuak eta partiturak

Hasieran, "egunero" egiten zuen grabazio saioren bat, baina "andrea kokoteraino" egin zuela jabetuta, jarduna astean behineko saioetara mugatu zuen; "baina ez dut egiten astean behin, astean hiru egiten ditut igoal", aitortu du.

Lagun Onak MBk Xoxoteko Egunean Elias omendu zuenekoa. Aritz Odriozola zenaren eskutik jaso zuen makila txistulariak. (Utzitakoa)

Txistuarekin bakarrik grabatutako piezak dira nagusi Zesteronekua kanaleko bideoetan, baina pianoarekin eta txirularekin grabatutakoak ere badira tartean; baita mutxikoak ere, Zarauzko Alaken dantza jauzien taldeko kide ere bai baita Elias. Horrelako pieza sorta zabalaren iturriei dagokienez, milatik gora grabazioen artean hiru besterik ez dira Eliasek berak sortutako piezak. Musikaria bai, baina musika sortzailea ez dela dio berak: "Neuk ez dut horretarako balio. Partitura bat hartu eta hura jotzeko bai, baina...". Hala ere, zer joa ez zaio inoiz falta izan orain arte. Bere jardunaren berri izan ahala, "ezagutu ere egiten ez" zuen jendearengandik partiturak eta haiek grabatzeko eskaerak jasotzen hasi zen, eta joera hori areagotzen joan da azken urteetan. Entzuleen eskariz, grabazioekin batera pieza bakoitzaren partiturak ere Interneten jartzen ditu aspalditxotik Eliasek; entzuleek "eskertu" egiten dutela dio, "hartara, entzuteaz gain, jotzen ikasteko" aukera ere badutelako.

Bere gaitasunaren eta ahalmenen mugetaz jabetuta dagoela azaldu du azpeitiarrak. "Milaka partitura daude, baina nik maila bat daukat. Maila horretaraino ailegatzen naiz, eta ahal dudana egiten dut". Hori argituta, egindako lanaren emaitzarekin "gustura" dago. Berak lortutako partiturak zein besteek helarazitakoak grabatzen ditu; gehienak txisturako moldatuta egoten dira, baina badira txisturako berak moldatu izan dituen partiturak ere. Pieza horien guztien artean, zortzikoak ditu gustukoen Eliasek –Larrinagarena, bereziki–, baina baita Jose Inazio Ansorena txistulari donostiarrak Elias berari eskainitako pieza ere: "Ilusioa egiten du zeinek egiten duen".

Ez nuen asmorik. Ailegatu naizen kopuruetara ailegatzea ez nuen imajinatu ere egiten", dio, bere kabuz esperimentatuz bezala hasi zuen bidea noraino iritsi den harrituta. "Jende askok orain dela gutxi izan du Youtubeko kanalaren berri, eta beste askok ez dute ezagutzen oraindik. Pixkanaka joan dira hurbiltzen". Maiatzeko azken egunetan, 285.000tik gora ikustaldi zituen Zesteronekua kanalak. "Baten batzuek behintzat ikusten dutela konturatzen zara. Imajinatzen dut gehienak txistua jotzen dutenak izango direla". Instrumentu beraren ezaugarriak kontuan hartuta, Euskal Herrikoak dira Eliasen Youtubeko entzule-jarraitzaile gehienak, baina urrutiagokoak ere badituela kontatu du. "Argentinako euskal etxeetatik-eta mezuak ailegatzen" zaizkio, eskerrak emateko ere bai. "Baina ez asko, e", gaineratu du azkar samar, berea txoko xumea dela adierazteko.

Txistuaren egungo errealitateaz eta ondorenaz hitz egiterakoan, ezkortasuna nabari zaio, eta "pena" ere bai. Txistulari gazteek sekulako maila dutela dio, "teknikari dagokionez-eta gu baino mila aldiz hobeak dira", baina ez ditu "kalean" ikusten; eta kalea da, Eliasentzat, txistulariaren berezko espazioa.