Xabier Iturralde: "Beste maila bateko txapelketa izango da biharkoa, eta gu ere beste maila bat ematen saiatuko gara"

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 11a, 16:12
Xabi Iturralde zezenari uztaia sartzen. (Angel de Lopez Aleman)

Marques de Saka ganadutegiak antolatuta, Uztai Txapelketa Nagusia eta ganaduzaleen arteko lehia izango dira bihar Tolosako zezen plazan. Uztai txapelketan lehiatuko da Xabier Iturralde, Iosu Valenciano itziartarrarekin batera. Euskal Herriko Txapelketatik sailkatutako bikoteak ez ezik, Espainiako bikoterik onenak ere aterako dira plazara bihar, eta aurrez aurre izango dituzte Marques de Saka eta Eulogio Mateo ganadutegiko behiak.

Joan zen astean Tolosan egindako lanari esker aste honetako Uztai Txapelketa Nagusirako txartela lortu zenuen. Zer balorazio egiten duzu?

Oso balorazio positiboa egiten dut. Antolakuntza aldetik, dena oso ondo prestatuta zegoen, baita ganaduzaleen zein errekortarien aldetik ere; esango nuke denon artean ikuskizun polita atera genuela aurrera. Hamahiru bikoteak nahiko parekatu aritu ginen; izan ere denok hiru minututan dena ematera atera ginen. Ganadu aldetik ere nik uste asmatu zutela. Ez ziren ganadutegiko behirik onenak, baina ezta maila baxuenekoak ere; maila ertaineko ganadua zela esango nuke. Txapelketak konfidantza hartzeko aukera eman zigula esango nuke, eta hori oso positiboa da. 

Ez zara asko aritutakoa, baina ondo moldatu zinen. Nola ikusi zenuen zure burua?

Konfidantzarekin ikusi nintzen, eta uste dut ganaduak horretarako aukera eman zuela, nahiz eta exijentzia maila bat eskatzen zuten; ondo ikusi nintzen, bai errekortatzen eta baita uztaiak sartzen ere. 

Bikote bezala ondo aritu al zineten?

Bikote bezala ere lan txukuna egin genuela uste dut. Hasieran, behia ateratzean, kostatu zitzaigun lekua hartzea, baina azken minutu ona egin genuela esango nuke. 

Gehiago prestatzeko aukerarik izan al duzu?

Pare bat egun errekuperatzeko hartu ostean, korrika pixka bat egin dut. 

Nola iritsiko zara zapatuko hitzordura?

Beste maila bateko txapelketa izango da biharkoa, eta gu ere beste maila bat ematen saiatuko gara. Hankak lurrean izan beharko ditugu. Zapatuan egin genuen txapelketa oso ona izan zen, baina errealistak izanda, txapelketa hauetan maila duzula erakusteko egun bat ez da nahikoa; jarraikortasunez erakutsi behar da maila. Beraz, biharko txapelketara hankak lurrean ematen saiatuko gar; dakigun dena erakustera aterako gara zezen plazara.