Koronabirusa Azpeitian

Sei positibo gutxiago, baina intzidentzia tasa bera

Mailo Oiarzabal eta Ihintza Elustondo 2021ko eka. 11a, 12:39

Atzo ez zuten positiborik zenbatu Azpeitian. Aste osoan, hogei kasu baieztatu dituzte guztira, joan zen astean baino sei gutxiago. Kasu kopuruak behera egin duen arren, joan zen ostiraleko bera da intzidentzia tasa: 302,23koa, hain zuzen ere. Eremu laranjan jarraitzen du herriak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, ez zuten positiborik zenbatu atzo Azpeitian. Dena den, azken zazpi egunetan, hogei kasu atzeman dituzte guztira, joan zen astean baino sei gutxiago. Astebetean zenbatutako positibo kopuruak behera egin duen arren, joan zen ostiraleko bera da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: 302,23koa, hain zuzen ere. Beraz, astebetean ez da asko aldatu Azpeitiko egoera, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak.

Pixkanaka, baina hobetzen jarraitzen du COVID-19aren eraginak bai Urola Kostako herrietan, bai Hego Euskal Herriko lurraldeetan. Izan ere, sei positibo atzeman zituzten atzo eskualde osoan; azken asteko kopururik txikiena da hori, eta bada aldea duela astebeteko datuekin, orduan hogei izan baitziren PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboak.

Atzoko positiboen erdiak, hiru, Azkoitian azaleratu ziren. Azkoitia da eremu gorrian jarraitzen duen udalerri bakarra, Urola Kostan ez ezik, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere; atzoko hirurekin, gainera, gora egin du han 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, 517,40tik 458,98ra. Getarian, Zarautzen eta Zumaian positibo bana agertu zen atzo. Zarautzen (145,91) eta Zumaian (244,23) jaitsi egin da intzidentzia tasa; Getarian, aldiz, 176,68ra igo da.

Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten positiborik izan atzo. Aurrez aipatutako herriak alde batera utzita, gainontzekoetan bare dago egoera, positiboen agertzeari zein gaitzaren intzidentzia metatuari dagokionez –gainera, 5.000 biztanletik beherakoak ez dira semaforoen sisteman sartzen–: Aian 50,38ko tasa dute, Aizarnazabalen 260,08koa, Errezilen 161,03koa, Orion 260,93koa eta Zestoan 51,36koa. Beizaman, berriz, gorabeherarik gabe mantentzen dira, tasa hutsean dutela.

Hego Euskal Herrian, antzera

Urola Kostan bezalatsu, azken astebetean hobera egin du pandemiaren bilakaerak Hego Euskal Herrian, baina berdintsuak dira atzoko datuak, herenegungoekiko. 8.313 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan atzo, asteazkenean baino ia mila gutxiago, eta 285 positibo agertu ziren horietan, asteazkenean baino hiru gutxiago: Araban 40, Bizkaian 123, Gipuzkoan 60, Nafarroan 61 eta Hego Euskal Herritik kanpo erroldatutakoen artean beste bat. Positibotasuna zertxobait igo da, %3,1etik %3,4ra, baina OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezartzen duen %5etik behera mantentzen da.

Erietxeen egoerari dagokionez, Osakidetzaren sarean 36 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19aren eraginez, herenegun baino hamabi gehiago, beraz. ZIUetan, aldiz, behera egin du okupazioak: atzo 71 gaixo zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale publikoetako Zaintza Intentsiboko Unitateetan, herenegun baino sei gutxiago. Denera, 187 pertsona zeuden atzo Osakidetzaren erietxeetan COVID-19ak jota.