Fernando Alberdi: "Gezurra esango nuke izozkigile bokazioa nuela esango banu"

Aitziber Arzallus (Gipuzkoako Hitza) 2021ko eka. 12a, 09:00

Afizioz surflaria, ofizioz ostalaria eta garraiolaria izandakoa, eta orain, izozkigilea da Alberdi. Ez daramatza urte asko sektore horretan, baina bere lekutxoa egiten asmatu du. Hainbat lehiaketa irabazi ditu jada, eta Espainiako final bat jokatuko du aurki. Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa da honako hau. 

Zenbat buelta ematen dituen bizitzak. Horren adibide, Fernando Alberdi (Azpeitia, 1976). Duela hamar urte esan izan baliote gaur egun izozkigile gisa ariko zela, ez zukeen sinetsiko. Zer esanik ez esan izan baliote munduko ehun izozkigile onenen Gelato Festival World Ranking zerrendan bere lekutxoa egingo zuela eta izozkigintzako Olinpiar Jokoetan, Gelato Festival World Mastersean, Espainiako finala jokatzera iritsiko zela. Baina halaxe da. Hilaren bukaeran jokatuko du final hori, eta bi onenen artean amaituko balu, 2022an Italian jokatuko duten mundu mailako final handirako sailkatuko litzateke azpeitiarra.

Mundu mailako final handira sailkatzeko aukerarik baduzu?

Aukerak baditut, hor nagoelako, baina errealista ere banaiz; ikusi dut zein diren nire lehiakideak, eta badakit oso zaila izango dela. Lehiakideetako batzuk ezagutzen ditut, eta sekulako maila dute. Adibidez, Cadizko [Espainia] izozkigile batek ehun urtetik gorako tradizioa du atzetik. Ni, berriz, neu naiz, neu bakarrik; neuk egiten ditut izozkiak, neuk saltzen ditut, eta neuk garbitzen dut denda. Nolabait azaltzeko, sukaldari arrunt bat Arzaken kontra lehiatzea bezala izango litzateke. Dena dela, itxaropena badut, orain arte ere, asko espero gabe, oso emaitza onak eskuratu ditudalako.

Pena izango duzu, berez Madrilen jokatuko zenuten finala online izango delako…

Pena handia daukat, bai. Egoera normal batean, 11 finalistok Madrilen elkartuko ginatekeen eta zuzenean jokatuko genukeen finala. Orain, ordea, online izango da. Osagai guztiak eta izozkiak nola egin pausoz pauso erakusten duten argazkiak eta bideoak bidali dizkiet Italiara, eta, nire azalpenak jarraituz, maisu italiar batek prestatuko du nire izozkia epaimahaikoentzat. Hilaren 28an dastatuko dituzte izozkiak, eta hilaren 29an jakingo dugu emaitza. Izugarria izango litzateke final handira sailkatzea, sinestezina.

Online izatea aldeko edo kontrako izango duzu?

Kontrako, dudarik gabe. Lehiaketa horietan saltzen jakiteak ere asko balio izaten du. Epaileek galderak egiten dizkizute, eta horiek azkar eta ondo erantzutea garrantzitsua izaten da. Teknikoki badakit ez naizela onena, baina saltzeko gaitasuna badut, eta oraingoan ez dut aukera hori izango.

Lehiaketetan, punta-puntan zabiltza, baina izozkigintzan, berandu hasi zinen.

Bai, duela zortzi edo bederatzi urte hasi nintzen.

Zertan jarduten zenuen aurretik?

16 urte nituela, Azpeitiko taberna batean hasi nintzen lanean, eta, harrezkero, izozkigintzan hasi arte, beti aritu izan naiz ostalaritzan; hasieran, Azpeitian; eta gerora, Getarian, bikotekidearen familiaren jatetxean. Eta, aldi berean, garraiolari ere ibili nintzen; kamioi txiki bat erosi nuen, eta errekadista ibiltzen nintzen Euskal Herrian barrena; batik bat, Azpeitia eta Donostia artean. Bi lanak uztartzen nituen.

Noiz erabaki zenuen izozkigintzan hastea?

Aurreko krisialdiaren ondorioz, eta, batez ere, Azpeitiko Corrugados itxi zutenean, garraio lanak asko murriztu zirelako; hor hasi ginen buruari bueltaka. Ikusi genuen Getarian bazeudela izozkiak saltzen zituzten dendak, baina ez zegoela izozki dendarik. Kale Nagusian lokal txiki bat bageneukan, eta harako negozio ona izan zitekeela iruditu zitzaigun. Aukera bat izan zitekeen besteren baten izozkiak saltzen hastea, baina, ez, gauzak ondo egitea erabaki genuen: lehenbizi, ikastea; eta gero, denda zabaltzea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.