Erreportajea

Elikadura etsai bilakatzean

Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 1a, 09:10
Garazi Olaizola eta Maria Zunzunegi. (Alex Berasategi)

Maria Zunzunegi eta Garazi Olaizola; anorexia gainditutakoa bata, gaitz horrekin borrokan ari dena bestea. Biek bat egin eta gardentasunez aletu dute elikadura nahasteen errealitatea 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian.

2020ko martxoaz geroztik, etxean ohi baino denbora gehiago pasatu behar izan dute herritarrek, halabeharrez. Batzuk hobeto, besteak okerrago egokitu dira errealitate berri horretara, eta zenbaiten osasunean ere eragin du etxe-itxialdiak. Burua, norberaren barrua, izan da egoera horretan kaltetuena, eta askotariko nahasmenak ugaritu diren hein berean ugaritu dira elikadurari lotutakoak ere. Datuek hitz egiten dute: Acabe anorexia eta bulimiaren aurkako elkartearen arabera, elikadura nahasteekin lotutako kontsultak %50 ugaritu ziren iaz Gipuzkoan. Beste datu bat: 2020an, bikoiztu egin ziren elikadura nahasteari lotuta Google-en egindako bilaketak. Zifra horiek errealitatera ekarri ditu Maria Zunzunegi psikologoak eta elikadura nahasteetan adituak: "Izugarri ugaritu dira kasuak".

Hainbeste pertsonari eragiten dion baina hain normaltasun gutxirekin lantzen den errealitate hori ezagutzeko, Maria Zunzunegi (Zestoa, 1988) eta Garazi Olaizola (Azpeitia, 2002) elkartu ditu hedabide honek. Psikologoa izateaz gain, urte askoan anorexiarekin borrokan ibilitakoa da lehena; bigarrena, berriz, gaitz horri aurre egin nahian ari da azken urteotan. Bide horretan, medikuen nahiz nutrizionistaren babesa izateaz gain, laguntza psikologikoa ere bilatu du Olaizolak; Zunzunegi ari zaio horretan laguntzen. Argi dago elkar ulertzen nahiz babesten dutela, borroka honetan bat eginda daudela. "Lehen unetik konektatu nuen Mariarekin; esperantza izpi hori ikusten lagundu zidan".

Tabu guztiei aurre egin eta pausoa ematera ausartu da Olaizola; isiltasuna haustea, bere errealitateaz hitz egitea erabaki du. "Gaur egun, normaltasun osoz hitz egiten dut gaiaz. Elkarrizketa honetarako proposamena duela denbora bat jaso izan banu, askoz ere gehiago kostatuko zitzaidakeen animatzea. Lehen, banekien zerbait gertatzen zitzaidala, baina ez nuen nahi onartu, ez nuen nahi horretaz hitz egin. Banekien arazo bat nuela, baina niretzat gordetzen nuen; ez nion izena jartzen gertatzen zitzaidanari. Dena den, orain onartuta daukat anorexia dudala, eta ikusten dut ez dela ezer txarra. Jabetzen naiz, nik arazo hau daukadan bezala, beste batek beste zerbait eduki dezakeela. Uste dut bizitzen ari naizena kontatzea baliagarria izango dela nire errekuperazio prozesurako. Era berean, uste dut baliagarria izango dela artikulu hau irakurtzea nire egoera berean dagoenarentzat, bai errekuperazio prozesuan dagoenarentzat, bai ondo ez dagoela nola esan ez dakienarentzat. Horiei laguntzeko ere egiten dut hau. Horregatik, Mariak mezua idatzi zidanean, pentsatu nuen: 'Bai, egingo dut'".

Beren bizipenak azaldu aurretik, elikadura nahasteen errealitatea ulertzeko gako batzuk eman ditu Zunzunegik. Haren arabera, hiru talde bereizten dira elikadura nahasteetan: anorexia, bulimia eta betekadagatiko nahasmendua. Hirurak buruko gaixotasun gisa daude katalogatuta, eta hirurek dute elikaduraren inguruko jokabideekin zerikusia, baina ezberdinak dira. Anorexia kasuetan, ez jatea da gaixoaren jarrera; horrez gain, laxanteak eta diuretikoak gehiegi hartzea eta botaka egitea ere izan daitezke haren jokabideak. Bulimia dutenek inpultsoen kontrola galtzen dute, eta gehiegi jan ostean botaka egitea izaten da ohikoena. Betekadagatiko nahasmendua dutenek, berriz, gehiegi jan ostean ez dute konpentsazio jokabiderik izaten; kasu horietan, pisuak gora egiten du edo mantendu egiten da.

Elikadura nahasteen gaia ondo ezagutzen du Zunzunegik, eta urteak daramatza pazienteekin askotariko nahasteak lantzen. Azken boladan kasuak ugaritu direla nabaritu du. "Alde batetik, kasu berriak diagnostikatu dira pandemia garaian, baina, bestetik, garrantzitsua da aipatzea nola eragin dien izurriak lehendik prozesu terapeutiko batean zeudenei; sekulako kolpea izan da itxialdia horientzako. Izan ere, koronabirusaren kontuarekin, beste hainbat gaixotasunen kasuan bezala, atzeratu egin dira pertsona horien kontsultak. Eta bitarte horretan, nola kudeatu horrelako kasuak?". Psikologoak azaldu duenez, elikadura nahasmena duten gaixoen kasuan "oso garrantzitsua" izaten da errutina bat mantentzea, eta konfinamenduan, ezinezkoa izan zen horri eustea. "Garrantzitsua da egunari egitura bat ematea, jatordu bakoitzari bere momentua eskaintzea, jatorduetatik ihes egiteko beste momentu batzuk edukitzea, erlazio sozialak indartzea... Eta hori dena haizea hartzera joan zen itxialdian. Konfinamenduak eragin handia izan du, okerrerako".

Pixkanaka, zuloan murgiltzea

Olaizolak aitortu du "oso-oso gaizki" eraman zuela itxialdia. "Lo desastre egiten nuen, eta antsietatea, itomena... sentitzen nituen. Iritsi zen une bat non ezin nuen aulkian eserita lasai egon; ezin nuen egon". Egoera horretara nola iritsi zen kontatu du Olaizolak; azaldu du nola joan zen pixkanaka-pixkanaka "zulo sakon" batean murgiltzen. Duela bost urte kokatu du hasiera puntua. "13 urte nituela, bizkarreko ebakuntza bat egin zidaten. Hamar ordu inguruko ebakuntza izan zen, gogorra, eta bizitza aldatzen hasi zitzaidan orduan. Izan ere, errekuperazioa oso gogorra izan zen; gelditu egin nintzen denean. Esan zidaten kirolik ez egiteko, geldirik egon behar nuela. Denbora pasatu ahala, hobetzen joan nintzen, eta duela hiru bat urte, esan zidaten has nintekeela pixka bat mugitzen, kirola egiten. Orduan ikusi nuen ingurukoak mugitu egiten zirela eta ni ere prest nengoela horretarako; motibatu egin nintzen".

Olaizola eta Zunzunegi, kontsultan. (Alex Berasategi)

Betidanik "betea" egon izan dela dio Olaizolak. "Kontua ez da neure gorputzarekin ez nengoela gustura, baina ikusten nuen aldaketa bat behar nuela. Eta duela hiru urte edo, egun batetik bestera, erabaki nuen aldaketa hori egingo nuela, ohitura osasuntsuagoak hartzen hasiko nintzela: hobeto jan, kirola egin... Bizkarretik hobeto nengoen, eta prest sentitzen nintzen aldaketa hori egiteko. Orduan, neure kasa hasi nintzen gozoak ez jaten, elikagai batzuk saihesten... Ondo jaten nuen, eta kapritxoak egin behar zirenean ere, ez nuen horretarako arazorik. Baina, denbora pasatzen joan ahala, antzematen nuen are gauza gehiago uzten nituela albo batera, eta gero eta leku gehiago zuela ezetzak".

Pixkanaka, pisua galtzen hasi zen Olaizola, eta bere burua "hobeto" ikusten zuen. "Gainera, kanpotik onartuago sentitzen nintzen. 'Zenbat argaldu zara, ze guapa zaude', esaten zidaten. Ikusten nuen egiten ari nintzena funtzionatzen ari zela, eraginkorra zela. Orduan, poz ikaragarria sentitu eta egiten ari nintzenarekin jarraitu nuen. Baina ez nuen jarraitu erritmo berean, baizik eta are esajeratuago, gero eta basakeria handiagoak egiten hasi nintzen. Lehen gutxi jaten banuen, are gutxiago jaten hasi nintzen, eta gainera, kirol gehiago egiten nuen. Sekulako burugabekeriak egiten hasi nintzen, eta normaltasun osoz egiten nituen horiek. Agian, egun osoa kafesne batekin pasatu, eta gainera, kirola egiten nuen. Ondo ari nintzela uste nuen".

Arazoa identifikatzea

Denbora pasatu ahala, pixkanaka-pixkanaka, Olaizola ohartu zen elikadurarekin zuen harremana ez zela osasuntsua. "Oso gutxi edo ezer ez janda, puztuta sentitzen nintzen. Ez nintzen ondo sentitzen. Triste nengoen, eta, gainera, aldamenetik esaten dizute: 'Hori bakarrik jan behar al duzu?'. Platerera zerbait ateratzen zidaten, eta izerditan hasten nintzen. Itomena sentitzen nuen, sekulako egonezina. Oso gauza arraroak gertatzen zitzaizkidan. 'Zer ari zait gertatzen?', pentsatzen nuen". Zunzunegik azaldu duenez, halakoetan, zera pentsatzen dute anorexia pairatzen dutenek: jatekoak kalte egiten diela. "Informazio dena manipulatzen dugu gure pentsamenduaren arabera". Orduan, jatekoa alde batera uztea izaten da gaixoaren hautua; hori da, hain zuzen ere, Olaizolak egin zuena. "Erabat alde batera utzi nuen jatekoa, eta neure burua suntsitzen nuen geldirik ez egonda. Eguna joan eta eguna etorri, horrelaxe".

Kiloak galtzen, pisua jaisten jarraitu zuen Olaizolak, baina ordurako ez zen ondo sentitzen bere buruarekin. "Jada ez nintzen ondo sentitzen kiloak galduta ere. Banekien gauzak ez zihoazela ondo, baina neure burua zuloan sartuta ikusten nuen; dena berdin zitzaidan. Zuloan sartuta zaudenean, lehen 'ai, ze guapa zaude' esan zizunak ez dizu hori esaten, baizik eta zera esaten dizu: 'Honaino'. Alerta horiek iristen zaizkizu, 'kontuz' esaten dizute. Jada ez daukazu ez onarpen eta ez ezer: bakarrik sentitzen zara, konturatzen zara isolatuta zaudela, etxean sekulako giro txarra dagoela, dena gaizki doala...".

"Zuloa" hitza darabil Olaizolak behin eta berriro bere sentipenak azaltzeko. Eta norbera zuloaren sakonean dagoenean, ez da hain erraza izaten azalera ateratzea. "Nire etxean asko txartu zen giroa. Gurasoek galdetzen zuten: 'Zer gertatzen zaio?'. Denok genekien zerbait gertatzen zela, baina ez genekien zer, ezta zer egin ere". Ezjakintasun horren aurrean, medikuarenera joatea erabaki zuten. "Pentsatzen genuen arazo organiko bat-edo edukiko nuela".

Laguntza eskatzea erabaki zutenean, beraz, Olaizolak eta haren familiak ez zuten identifikatuta zer zen gertatzen ari zena. "Mariaren kontsultara etorri aurretik, Azpeitiko anbulatorioan sekula ez didate esan anorexia dudala. Dena den, odol analisiak egindakoan, paperetan ikusi nuen analisi horiek egiteko arrazoia anorexia zela jartzen zuela. Hala ere, ez zidan inork hitz egin horretaz; ez niri, ez nire gurasoei. Pisu asko galduta nengoen, eta pisuan soilik zentratu zen medikua. Informazio falta nabaritu nuen osasun zentroan".

(Alex Berasategi)

Anbulatorioan esan zioten hilabete barru itzultzeko, eta berriro pisatuko zutela. "Eta horrela denbora pasatu zen, egun batean amak medikuari zera esan zion arte: 'Psikologorik ez al dago?'. Amak bazekien nirea ez zela gorputzeko arazo bat; izan ere, ikusten zituen nigan normalak ez ziren joerak, pertsona osasuntsu batek egingo ez lituzkeenak. Orduan, psikiatrarengana bideratu ninduten. Hasieran gustura hasi nintzen, baina ikusten nuen hara joateak ez zidala ezer egiten. Hilabetean behin-edo bakarrik joaten nintzen, eta hori ez zen nahikoa. Eta egoera hartan nintzela, pandemia iritsi zen".

Egoerak "eztanda" egin zuen orduan. "Batxilergoko bigarren mailan nengoen, selektibitatearen presioa nuen gainean, neu ere aztoratuta nenbilen... Aldapan behera hasi nintzen. Mundua gainera erori zitzaidan konfinamenduan. Banekien etxean sartzen baginen zer etorriko zen. Ohiko egoeran, arratsaldean meriendatu nahi ez banuen, etxetik alde egin eta inor ez zen ohartzen. Baina denok etxean egon beharko genuela jakitean, dena kalkulatzen hasi nintzen. Ahal nuen gutxien jaten nuen, eta ahal nuen gehien mugitzen nintzen; horrela, etengabe".

Itxialdian bi hilabete igaro ostean, maiatzaren bukaera aldera, jasanezina bilakatu zen egoera. "Bonba lehertu zen nire etxean". Egun batean, gaueko hamarretan, Aitziber Aizpuru nutrizionistari deitu zion Olaizolaren amak. "Afalordua zen, eta nik ez nuen afaldu nahi. Sua piztu zen, txerrikeria denak atera ziren mahai gainera, eta erabaki genuen horretatik geuk bakarrik ezin genuela atera, laguntza eskatu behar genuela". Orduan hasi zen Aizpururen laguntza jasotzen Olaizola. "Berak esan zidan: 'Lasai, hemendik aterako gara'". Hilabete bat pasatu zuen gazteak nutrizionistarekin, laguntza psikologikorik gabe. "Hobetzen" hasi zen, eta gero jo zuen Zunzunegirengana. "Erabat konektatu nuen berarekin".

Orain, "askoz hobeto" dagoela aitortu du Olaizolak, eta nabari zaio. Goxo, patxadaz, ezer ezkutatzeko ez duenaren gardentasunez azaldu ditu bizi izandakoak eta oraindik bizi beharko dituenak, bai baitaki luzea izango dela bidea, gogorra. "Aitziber eta Maria ezagutu nituenean, Everestera igo nintzen, sekulako ondo sentitzen hasi nintzen, ezer gertatuko ez balitzait bezala. Orain, pixka bat behera egin dut, zailtasunak azaldu dira berriro, eta konturatu naiz hori ez dela errealitatea, luzea izango dela bidea. Nik beti zera esaten dut: 'Bidea oraindik ez da bukatu, oraindik asko daukat egiteko'. Asko egin dut, asko ikasi dut, ari naiz ikasten, eta oraindik asko daukat ikasteko. Hori badakit. Barneratuta daukat hau ez dela egun batetik bestera aldatuko, baina eguna iritsiko da esango dudana: 'Listo, bukatu da'. Noiz? Ez dakit. Baina badakit lortuko dudala".

Olaizolak badaki berak bakarrik ez lukeela sekula borroka gaindituko, ingurukoen babesik gabe ezinezkoa litzatekeela. "Nik badakit, edozer dela, Aitziber eta Maria hor daudela. Izan krisi momentu bat edo momentu pozgarri bat, nirekin egongo direla. Sekulako babesa sentitzen dut. Nahiz eta ondo ez nagoen, badakit esku onetan nagoela. Esperantza ematen didate, konfiantza. Benetako harremanak sortu dira gure artean. Maria agian gazteagoa da, baina Aitziberri askotan esaten diot nire bigarren ama bera dela".

Anorexiaren gakoak

Olaizolak lehen pertsonan azaldu ditu gaitzak eragin dizkion gorabeherak, zailtasunak, txakalaldiak. Dena dela, nahasmena hobeto ulertzeko, zenbait azalpen eman du Zunzunegik. Haren arabera, anorexia elikadurarekiko jokabidearen bidez azaleratzen den arren, faktore askok eragiten dute buruko gaitz hori. "Ez du gauza batek sortzen, eta eragina ez da arlo batera bakarrik mugatzen. Bizitzako arlo guztietan dauzka eraginak gaitzak". Gauza bat ulertzea garrantzitsua da, Zunzunegiren ustez. "Elikadurarekin daukagun harremana gure barne egoeraren isla izan daiteke".

(Alex Berasategi)

Baina nola egon ohi da norberaren barrua halako nahaste bat agertzean? Zunzunegiren esanetan, horrekin zerikusia izan dezake anorexia pairatu ohi duen gehiengoaren profilak. "Elikadura nahasmenak ez dauka generorik, ezta adinik ere; haurtzarotik zahartzarora ager daiteke, emakumeetan zein gizonetan. Hala ere, gaixo gehienak emakumeak eta nerabeak izan ohi dira; horiena da talderik zaurgarriena". Askotan, gainera, bi ezaugarri errepikatu ohi dira elikadura nahastea daukaten pertsonen familietan. "Bata izan ohi da gatazkarik gabeko giroan oinarritzen dela familia; hau da, ez da asko eztabaidatzen etxean, eta bizitza ederra denaren ideia nagusitzen da. Beste ezaugarria izan ohi da etxean perfekziorako joera bultzatzea. Askotan ikusten ditugu bi ezaugarri horiek anorexia duten pertsonen errealitatean".

Hori hobeto azaltzeko, kontzeptu bat baliatu ohi du Zunzunegik, metafora gisa: hirukiaren neskak. "Hirukiak hiru punta dauzka, eta punta batean perfekzioa kokatzen da, bestean kontrola, eta hirugarrenean autoexijentzia. Hiru ezaugarri horiek ehuneko ehunean errepikatzen dira elikadura nahasmena duten pertsonetan. Bizitzako arlo denetan islatzen dira ezaugarri horiek, eta elikaduran ere bai. Horregatik, norbere buruari exjitzen diogu era jakin batekoak izan behar dugula, kanon bat bete behar dugula, besteen onarpena bilatzeko".

Psikologoaren arabera, elikadura nahasteak hauxe dira finean: "Kudeaketa emozional egoki bat egin ezin dugunean baliatzen dugun erreminta bat". Icebergaren ideia aipatu du: "Puntan ikusten ditugu elikadurarekiko jarrera ez osasuntsuak, baina hori sostengatzen duena gure kudeaketa emozional desegokia da. Emozioak kudeatu ezin hori da funtsa; izan daitezke etxeko gatazkak, ikasketei lotutakoak, arazo pertsonalak... Horri guztiari buelta nola eman ez dakigunean, zerbaiti eusten diogu, kontrol gisa. Halako kasuetan, autoestimu baxua izan ohi du gaixoak, segurtasun falta handia, eta matriuska hutsak sentitzen dira. Egoera horretan, kanpoko iritziak behar dituzte, balorazio positiboak, beteak sentitzeko. Horixe da: hutsak sentitzen gara, eta hori betetzeko, kanpokoen oniritzia behar dugu. Kanpoko horretan zer baloratzen da? Gaur egungo kanona, denei laguntzeko prest dagoen pertsona izatea, isila... Horregatik, estereotipo horiei eusten joaten gara, gure buruari balioa eman nahian".

Askotan, "sekula arazorik eman gabeko pertsonak" izan ohi dira elikadura nahastearen tranpan erori ohi direnak. "Sarritan, ume idealak bezala deskribatzen dituzte gurasoek: 'Ez dute arazorik ematen, hau izan da lehenengo gauza, beti oso arduratsua izan da...'. Eta nik hori entzuten dudanean... Izan ere, nerabe batek sekulako hormona gorabehera bizi du, psikologikoki aldaketa ugari izan ohi ditu, eta normala da etxean tirabirak sortzea. Dena isil-isilik eta dena ondo-ondo egitea ere ez da normala. Ondo iruditzen ez zaigun hori non dago? Barruan gordeta. Eta azkenean, nonbaitetik irteten da hori".

Elikadura nahasteen kasuan, gorputza soilik aldatzen dela pentsatu ohi du jendeak, baina gaixoaren digestio aparatuan nahiz garunean ere aldaketa handiak gertatzen dira, desnutrizioak eraginda. "Kontua ez da arazoari aurre egiten nahikoa saiatzen ez garela, baina garunean aldaketa batzuk gertatzen dira, eta gure gorputzak ez du gosearen aurrean berdin erantzuten", esan du Zunzunegik. Halaxe dela baieztatu du Olaizolak: "Ez dakizu noiz zauden beteta, noiz daukazun gosea, jaten duzun gutxi horrekin puztuta sentitzen zara...". Dena den, horretara iritsi aurretik, gose handia pasatu izan dutela ere aitortu dute biek: “'Agoantatu dezaket', pentsatzen dugu. Indar handiagoa du pentsamenduak".

Buruko gaitzen kasuan, kalean asko zabaldukotako ustea da sekula ez direla sendatzen halakoak. Baina hori ez da horrela. "Niri Mariak zera esaten dit: 'Zauria beti hor egongo da, zure esku dago ireki eta odoletan hastea edo zaintzea", dio Olaizolak. Dena den, psikologoaren arabera, sintomatologia senda daiteke. "Posible da sendatzea eta bizitza normala egitea". Datuak eman ditu: "Esaten dute gaixoen %70 sendatu egiten direla. Horretaz aparte, kasu batzuk kronifikatu egiten dira, eta beste %5-edo hil egiten dira".

Horixe da halako gaitz baten arriskua: heriotza. Eta hori saihesteko, norbere buruarekin lan asko egin behar da, eta prozesu oso mingarria, sarritan luzea, igaro. "Garaziri askotan esaten diot bere buruarekin sinetsi behar duela. Geure burua maitatu behar dugu, gu gara bizitza osoan geure buruarekin bizi behar dugun pertsona bakarrak. Horretaz ez gara kontziente. Ezin dugu geure burua gabe bizi, baina normalean halaxe bizi gara, kanpora begira eta barrutik deskonektatuta. Eta horrek luzera ez du funtzionatzen. Barrura konektatzen ikasi behar dugu, geure burua maitatzen eta garena baloratzen".

(Alex Berasategi)

Desikasten ikasi

Aitziber Aizpuru nutrizonista da Olaizolaren beste heldulekuetako bat, bidelagun bat. "Niretzako garrantzitsua da ez dela beraiek aukeratutako gaixotasun bat esatea; tokatu egin zaie, eta oso gogorra da, putakeria bat, bai beraientzako, bai beren ingurukoentzako. Askotan, pertsona hauek jateko arazoa duten pertsona bezala katalogatzen dira, eta hori ez da horrela. Gatazka emozioen kudeaketan dago, nahiz eta manifestazioa jateko orduan ematen den". Horren aurrean, Aizpururen helburua honako hau izan ohi da: "Batetik, gaixoaren pisua normaltzea –hori kasu batzuetan, beste batzuek pisu normala mantentzen dute–; eta, bestetik, haren elikadura ohiturak bideratzea".

Nutrizionistaren arabera, anorexia duten pertsonak mitoz eta uste faltsuz beteta egon ohi dira, eta horrek lasaitasuna eta segurtasuna ematen dizkie, nahiz eta beren kalterako izan. "Ni baino gehiago jakiten dute kalorien inguruan, baina informazio txarra izaten dute. Azkenean, dena etsai bilakatzen zaie, jatekoa da beraien etsaia. Gure lana da disko gogor hori borratzea; desikastea, berriro ikasteko. Helburua da jatekoarekin gozatzera iristea".

Bide horretan, pixkanaka-pixkanaka, elikadurarekiko ohiturak aldatzeko lan egiten du Aizpuruk. "Lehen fasean, zera esaten diegu: 'Jan egin behar duzu'. Izan ere, hasieran jan egin behar dute, nahi ala ez nahi; ez dago beste aukerarik. Lehen lana hori da: elikatzea. Eta fase horretan gurasoekin egin behar da lana, derrigor". Jaten hasten diren une horiek "oso gogorrak" izaten direla azaldu du nutrizionistak. "Sekulako antsietate krisiak izaten dituzte. Agian, etxeko atea haustera irits daitezke krisi egoera horietan".

Sendatzeko bidea oso prozesua "mingarria" izan ohi da, eta Aizpururen esanetan, askotan gaixoek sendatu nahi ote duten zalantza egiten dute. "Agian, prozesu hori pasatzea baino erosoagoa egiten zaie horrelaxe jarraitzea. Errekuperazioa oso gogorra izan ohi da, desorekatu egiten direlako. Beldurra izan ohi dute, eta ezinegona nahiz antsietatea sentitzen dituzte; hori ezin da saihestu, pasatu egin behar da errekuperatzeko. Sendatzeak esfortzu handia eskatzen du".

Bidelagunarena ere ez da rol samurra; izan ere, gertutik bizi ohi ditu pazienteen gorabeherak Aizpuruk. "Batzuekin izugarri kezkatzen naiz, eta etengabe bidaltzen dizkiet telefono bidezko mezuak, nola dauden jakiteko". Dena den, haren lanak "alde onak" ere baditu, eta gehien gustatzen zaiona errekuperazio prozesuaren lekuko izatea da. "Mito eta beldur horiek desagertzen doazela sentitzea opari bat da niretzat. Garazi ari da argi pixka bat ikusten. Elkarrekin negar, barre... egin dugu. Izugarria da beraiekin sortzen den harremana. Emozionatu egiten naiz [begiak beteta]".

Aizpururen arabera, "uste baino askoz ere jende gehiagok" ditu elikadurarekin arazoak. Anorexia duten mutilekin lan egitea tokatu bazaio ere, emakume paziente askoz ere gehiago izan dituela adierazi du. Haiekin bizi izandakoa oinarri hartuta, aholku bat eman nahi izan dio gizarte osoari. "Inoiz ez esan norbaiti guapa dagoela argaldu egin delako. Sekulako joera dugu halakoak esateko, eta uste dut kontuz ibili behar dugula. Zergatik jartzen dugu fokua itxura fisikoan? Joera gehiago izan beharko genuke honelakoak esateko: 'Txispa ona nabaritzen dizut gaur, zer ondo ikusten zaitudan'. Horri lotuta, lanketa ikaragarria dago egiteko".