Hobekuntza etengabea bilatuz

Ezkerretik eskuinera, Inhar Aldalur, Egoitz Lazkano eta IƱaki Markinez, Fisifyren sortzaileak. (Julen Otaegi Leonet)

Fisify aplikazioaren sortzaileak dira Inhar Aldalur, Egoitz Lazkano eta Iñaki Markinez azpeitiarrak. Teknologia eta fisioterapia uztartu dituzte bertan.

Hondartza egun batean otu zitzaien Inhar Aldalurri (Azpeitia, 1994), Egoitz Lazkanori (Azpeitia, 1994) eta Iñaki Markinezi (Azpeitia, 1995) Fisify web aplikazioaren ideia. Eztabaidan ari ziren azken bi horiek, fisioterapeutak izanda, bezeroak maiz joaten baitzitzaizkien kezkekin. "Ba al dakizu zenbat zalantzazko informazio dagoen Interneten?", galdetu ohi du Lazkanok. Sintoma batzuekin hasi eta "edozein astakeria" izateko beldurra adierazten zieten bezeroek bi fisioterapeutei. Orduan, Inhar Aldalurrek –programatzailea da– jendeari zentzuzko erantzun bat emateko algoritmoa sor zezaketela bota zuen.

Hasierako ideia ez zuten "serio" hartu Lazkanok eta Markinezek; ez zuten posible ikusten hori gauzatzea. Aldalurrek, ordea, halako aplikazio bat sortzeko aukeraz konbentzitu zituen. Esan eta egin. Lehen bertsioak pazientea orientatzen zuen. Inkesta bat egin ostean, izan zitzakeen hiru patologia probableenak zerrendatu eta fisioterapia zentroetara bideratzen zituen.

Web aplikazioa argitaratu eta lehenengo ezustekoarekin egin zuen topo hirukoteak. "Kalitatezko zentroetara nahi genituen bidali bezeroak, baina beteta zeuden. Ikusi genuen arazo bat zegoela", azaldu du Lazkanok.
Etxez etxeko zerbitzua eskaintzea izan zen lehen unean bururatu zitzaiena. Aplikazioaren bitartez diagnostiko posiblea jaso, eta zentroen faltan, herriz herri hasi ziren lanean.

Lantaldean pare bat fisioterapeuta izatea motz geratu zitzaien berehala, Lazkanoren arabera: "Hasieran Iñaki eta neu joaten ginen etxeetara. Baina bezeroak gehitzen zihoazen, eta jendea kontratatzeko elkarrizketekin hasi ginen".

Iaz ekin zioten lantaldea handitzeko asmoari, urtarril aldera. "Nahasmena" izan zen hasierako lan erritmoa antolatzea. "Oso konplexua zen logistika hori kudeatzea, eta horretan ari ginela, nola konpondu ez genekiela, izurria etorri zen. Ezin genuen etxez etxe aritu; beraz, geratu egin ginen zentzu horretan".

Etxetik ezin atera

Ordura arte balio izan zien irtenbidea bertan behera utzi behar izan zuten. Etxeratze aginduari probetxua atera zioten, baina. Ohiko bezeroei zein berriei eskaini zieten laguntza. Lazkanok azaldu du bezeroen aldetik ere terapiarekin jarraitzeko asmoa ikusi zutela: "Bezeroek eskatu egiten ziguten etxean egiteko ariketak bidaltzeko. Arrakasta dezente izan genuen, egia esan. Gu ere etxetik genbiltzan lanean, eta ikusgarritasuna izateko eta jendeari laguntzeko modua ere bazen hori".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide