Orduko 30 kilometrokoa da herriguneko abiadura muga

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 10a, 09:00

Maiatzaren 11n lege berria sartu zen indarrean, eta azken asteotan horregatik jarri dituzte ikur berriak herrian. Lege horren arabera, norabide bakoitzeko bide bakarra duten hiribideetan, orduko 30 kilometrokoa da abiadura muga; eta errepidea eta espaloia altuera berean dituzten hiribideetan, orduko 20 kilometrokoa.

Azken asteotan herriguneko gehienezko abiadura orduko 30 kilometro dela dioten hainbat ikur jarri dituzte herrian. Izan ere, joan den maiatzaren 11n herriguneetako abiadura are gehiago mugatzeko lege berria sartu zen indarrean. Lege horren arabera, errepidea eta espaloia altuera berean dituzten hiribideetan, abiadura muga orduko 20 kilometrokoa da orain; eta norabide bakoitzeko bide bakarra dutenetan, orduko 30 kilometrokoa. Norabideko errail bat baino gehiago duten bideetan, berriz, muga orduko 50 kilometroko abiaduran ezartzeko aukera ematen du araudiak, baina salbuespen hori egiteko erabakia udal gobernuen esku uzten du.

DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak azaldu du neurriaren helburu nagusia hirietan gertatzen diren trafiko istripuak eta horiek eragindako heriotzak gutxitzea dela. Hain zuzen, orduko 30 kilometroko muga duten eremuetako joerak aztertuta istripuen kopurua %40tik gora murriztu daitekeela azpimarratu du; besteak beste, orduko 50 kilometroko abiadurarekin alderatuta frenatzeko distantzia erdira jaisten delako. Gainera, orduko 50 kilometroko abiaduran gertaturiko harrapatzeetan, oinezkoak hiltzeko %90eko probabilitatea du, eta abiadura murriztuarekin ehuneko hori %10era jaitsiko dela gaineratu du.