Imanol Miranda: "Gero eta presenteago dago euskara bazter guztietan"

Julene Frantzesena 2021ko eka. 28a, 08:41
Imanol Miranda, Gasteizko IKA euskaltegiaren atarian. (Utzitakoa)

Azpeitiarrak ia hogei urte daramatza euskara irakasle lanetan Gasteizen. Hizkuntza ohiturak aldatzen ari direla dio 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian; euskaldun kopuruak gora egin du azken mende laurdenean Araban. Euskara irakasle lanak badu bokaziotik, baita militantziatik ere.

Imanol Miranda Aranguren (Azpeitia, 1981) Gasteizko IKA euskaltegiko irakaslea da. Arabako hiriburuan bizi da 2002az geroztik, Euskal Filologia ikasketak egiten eta euskara irakasle lanetan hasi baitzen urte hartan. Euskararen eta euskaltegien egoeraz nahiz erronkez aritu da solasean.

2002an joan zinen Gasteizera. Euskarari dagokionez, zer alde zegoen orduan Azpeitiko eta Gasteizko errealitateen artean?

Paisaia linguistikoa da deigarria egin zitzaidan aurreneko kontua: zenbat denda izen, kartel eta seinale ziren euskaraz Azpeitian, eta nabarmen gutxiago Gasteizen. Eta, jakina, euskaraz nonahi egiteko aukera genuen batean, eta askoz nekezago egin genezakeen bestean. Gasteizen pasatu nintzen lehen hitza euskaraz egiteko ohitura izatetik lehen hitza euskaraz egin nahi izatera; alegia, bestelako hizkuntza militantzia bat egin nuen neure, kontzienteagoa.

Nola aldatu dira gauzak ordutik hona?

Bilakaera progresiboa ikusten dut nik. Gero eta presenteago dago euskara bazter guztietan, eta hizkuntza ohiturak nabarmen ari dira aldatzen. Belarri oso fina ez duenak ere egunero entzungo du euskara Gasteizen; hainbat adin tartetako jendearen ahotan, gainera. Ez alferrik, azken 25 urteetan hirukoiztu egin da euskaldunen kopurua Araban, eta, jakina, baita Gasteizen ere.

Gasteizen, eta oro har, IKAk euskaltegiak dituen eremuetan, zein da euskararen errealitatea?

Gasteizen, Arabako Errioxan eta Nafarroan ditu IKAk euskaltegiak, eta toki bakoitzak bere ezaugarri soziolinguistikoak ditu. Arabakoa ezagutzen dut hurbilen, Gasteizkoa bereziki. Egiari zor, ugari dira euskaraz egiten ez duten herritarrak, baina ikaragarria da euskara ulertzen eta hizkuntzarekiko jarrera positiboa eta aktiboa duen jende kopurua. Argi utzi dute hori Euskaraldiak, eta, bereziki, belarriprest rolaren arrakastak. Eta zer esan Arabako gainerako herriez? Kike Amonarrizi entzun nion bezala, uste dut mugarritzat har litekeela Herri txiki, infernu handi programa Oionen grabatu izana.

Hasieratik argi al zenuen euskara irakasle izan nahi zenuela?

Hasieran, ikasketak ordaintzeko bide eroso gisa ekin nion jardunari. Eskarmentua hartu ahala, ordea, gero eta garbiago ikusi dut hau dela nire tokia, eta inguruan lantalde bikaina izateak ere lagundu dit horretan.

Nola aldatu da euskararen irakaskuntza urteotan?

Esango nuke garai batetik honako trantsizioan hasi nintzela euskaltegian lanean, eta bietatik edan ahal izan dut. Kontua da ikasleen motibazioa aldatu egin dela nabarmen: lehen, "ikasi nahiak" agintzen zuen; orain, berriz, "ikasi beharra" da nagusi, bereziki lanerako eskakizunak direla eta. Eta horrek, nola ez, ohituraren bat aldatzea ere ekarri du. Lanean hasi nintzenean, adibidez, askoz gehiagotan ateratzen nintzen ikasleekin trago batzuk hartzera, haiek eskatuta, mintzamena lantzeko aitzakiapean.

Gaur egun, zer lan egiten duzu euskaltegian?

Antzera samar ibili ohi naiz urtero, nahiko muturreko taldeekin, horiexek ditut-eta gogokoen. A2 mailako bat eta C2ko beste bat dauzkat aurten, biak ere pandemiak baldintzatuak: telematikoki ematen ditut eskolak aurrenekoan, eta aurrez aurre baina musukoa jantzita bestean. Horrez gain, handik eta hemendik sortzen diren bestelako ikastarotxoak ere ematen ditut.

Batez ere, zer arrazoigatik joaten dira herritarrak euskaltegira? Zerk motibatzen ditu?

Zorionez, ugari dira oraindik ere bertako hizkuntza ikasteagatik etortzen direnak. Baina, esan bezala, pila bat dira lanean titulua eskatzen dietelako euskara ikasten hasten direnak, edota titulua lortuta lan baldintzak hobetuko zaizkielako etortzen direnak.

Euskara irakaslea C2 mailako ikasleekin. (Utzitakoa)

Eta zer adin tarte edo profil dute ikasleek, batez ere?

Profil nagusia honako hau da: 30-40 urteko emakumea, gasteiztarra eta administrazioko langilea. Baina, jakina, ugari dira bestelakoak ere: atzerritarrak, langabetuak, ez hain gazteak, gizonezkoak ere bai tarteka... [barrez].

Euskara ikasi bai, baina erabili, erabiltzen al dute gero?

Bai, eta gero eta gehiago. Behin beldurrak eta lotsak gaindituta, gero eta ugariago dira euskarari baliagarritasuna ikusten diotenak, eta horrek isla du kalean ere. Sorgin gurpilaren efektua ere aldeko dugu: zenbat eta gehiago entzun, errazago ausartuko naiz erabiltzera.

Dena den, euskaltegietako matrikulak gora ari dira egiten, baina erabilera datuak ez dira hazten...

2009ko krisiak gogor erasan gintuen, eta ordutik, poliki baina goraka joan garen arren, esango nuke oraindik ez garela orduko zenbakietara itzuli; pandemia arrastoa uzten ari da, gainera. Nolanahi ere, argi dago ezagutzak ez duela erabilera bermatzen, hori beste faktore batzuen menpe ere badago eta; besteak beste, euskaldun hartzaile baino ez direnen aktibazioaren menpe. Esperantzarako ekimenak dira, beraz, Euskaraldia bezalakoak.

Askotan entzun izan da ikasleek euskara titulua edo agiria eskuratu nahi izaten dutela, baina gero ez dutela erabiltzen.

Bai, ezagutu izan dut C1 titulua "tiraderan gordetzeko" atera duenik, baina susmoa dut gero eta bakanagoak direla halakoak, zorionez.

Euskaltegiek zer ekarpen egin dute euskal gizartean urte guztiotan?

Ofizialki aitortu izan zaiena baino askoz handiagoa. Urte prekario ugari igarotakoa da gure sektorea, militantzia handikoa eta etengabe hobetuz joan dena, eta emaitza begi bistakoa da: urtez urte milaka eta milaka lagun euskaldundu dira euskaltegiei esker. Halako batean desagertzea omen da gure ogibidearen helburu nagusia, hori mundu guztia euskaldundu den seinale izango delako. Zorionez edo zoritxarrez, uste dut urte batzuetarako lana badugula oraindik…

Zer indargune dituzte euskaltegiek?

Gurean, behintzat, talde lanerako gaitasuna azpimarratuko nuke, elkarren laguntzari esker iritsi baikara gauden tokira. Horrez gain, esango nuke euskaltegiek badutela, oro har, indargune argi bat: metodologia. Ikasi orduko erabiltzeko irakasten dugu euskara, metodologia komunikatiboa itsas argi hartuta, eta, betiere, giro atseginean. Hainbat ikaslek, behintzat, alde horixe nabarmentzen dute beste hizkuntza akademia batzuekiko.

Eta zer ahulgune?

Ahulgune bat nabarmentzearren, baliabide teknologikoena aipatuko nuke. Dena dela, pandemia garaiotan sekulako jauzia eman dugu –eman behar izan dugu– arlo horretan, eta uste dut bide onean goazela. Batzuetan, ordea, zaila eta arriskutsua da inbertsio ekonomiko ausartak egitea...

Beste hainbat arlotan bezalaxe, euskaltegi sare bat baino gehiago daude Euskal Herrian: Habe, IKA eta AEK.

Asko eta askotarikoak. IKAko langilea naiz ni, baina gainerakoetako ezagun, adiskide eta sektorekide ugari izan ditut bidelagun urte hauetan guztietan, tartean nire Gasteizko kuadrillako lagun asko.

Miranda A2 mailako taldearekin, bideo dei bidezko saio batean. (Utzitakoa)

Zer erronka dituzte euskaltegiek datozen urteetarako? Eta zehazki, IKAk?

Azken urte honek zer ekarri digun ikusita, nahikoa lan izango dugu gainera etor dakigukeenari aurre egiten. Nolanahi ere, badira epe laburrera konpondu beharreko hainbat kontu, nahiz eta ez dauden erabat gure esku; besteak beste, euskara ikasteko doakotasuna edota gure lan baldintzak egonkortzea.

Euskaltegietako irakasle izatea bokaziozko lana al da?

Nire kasuan, behintzat, gazte samarra nintzenetik sentitu izan dut oso gustuko nuela irakastea, baina euskara irakasle aritzeko aukera nahiko karanbolaz iritsi zitzaidan. Denborari eta eskarmentuari esker jakin dut nekez aurkituko dudala hau baino ofizio gogokoagorik eta esker onekoagorik. Ez dakit horri guztiari "bokazio" deitu ahal zaion...

Militantziatik ere badu zuen jardunak, ezta? Lan ordu asko, soldatak...

Bai, hala da. Eta ordutegi kontuak ere gehitu behar zaizkio horri. Izan ere, 07:00etan hasten dira eskola batzuk, eta 22:00etan bukatu beste batzuk. Dena dela, saiatzen gara, ahal den neurrian, hain ordutegi sakabanatua ez banatzen irakasleen artean, eta lortzen dugu, oro har.

Lau ikasturtetan irakasleen soldatak %36 igotzea eta eskola orduak %26,5 murriztea. Horixe da, zehazki, Eusko Jaurlaritzaren eta herri ekimeneko euskaltegien arteko akordioak jaso duena. Nola hartu duzu berria?

Pozik, baina bazen garaia halako neurri bat hartzeko, oso aspalditik ari baikinen halako hobekuntza bat aldarrikatzen. Uste dut, azkenean, bide egokia hartu duela Eusko Jaurlaritzak, baina oraindik ere badago zer hobetua. Espero dut, beraz, etorkizunean ere bide horri eustea.

Horrek emango al dio bide baldintzak hobetzeari?

Epe laburrean nabarmen hobetuko dira gure lan baldintzak, eta, bestalde, uste izatekoa da orain gazte batentzat erakargarriago bihurtuko dela gure lanbidea. Eta badugu horren premia: lankide ugari erretiratuko dira epe labur-ertainean, eta haiei erreleboa hartuko dien jende berria beharko dugu.

Zure ustez, zein da euskarak duen erronkarik handiena?

Zalantzarik gabe, erabilera handitzea eta normalizaziorako pausoak ematen jarraitzea. Nagusiki erdaldunak diren zonaldeetan, ikusgarritasun handiagoa ere eman behar zaio euskarari, eta erakunde publikoek erantzukizun handia dute horretan. Nahi baino astiroago, beharbada, baina esango nuke bide onean goazela. Eta, nola ez, euskaltegiok gure aletxoa jartzen jarraituko dugu.