Irisgarritasun Plana osatzeko herritarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak

Julene Frantzesena 2021ko eka. 9a, 12:22
Anbulatorio ondoko zubian irisgarritasuna hobetzeko lanak egin zituen udalak joan zen uda ostean.

Herriko irisgarritasunarekin zer ikusia –oinezkoen bideetako, espaloietako, parkeetako, eraikin publikoetako...zailtasun, oztopo eta hobekuntza proposamenak– duten ekarpenak jasoko ditu datozen egunetan. Bi bide daude ekarpenak egiteko: e-posta bidez edo inkesta bat beteta. Ekainaren 30a izango da horretarako azken eguna.

Azpeitiko Udalak herriko Irisgarritasun Plana gauzatzeko prozesua jarri du martxan, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko" helburuz. Erakundeak azaldu duenez, irisgarritasun araudiaren aplikazioa bermatzea, herritarrek egunerokoan izan ditzaketen arazoak atzematea zein horiek bideratzea dira planaren xedeak.

Udalak irisgarritasuna hobetzeko puntuak detektatu nahi ditu, hala nola eraikinetan, bide publikoetan, garraioan zein komunikazio sisteman, eta horretarako herritarren parte-hartzea "ezinbestekoa" dela azaldu du. Horrenbestez, irisgarritasunarekin zer ikusia –oinezkoen bideetako, espaloietako, parkeetako, eraikin publikoetako...zailtasun, oztopo eta hobekuntza proposamenak– duten ekarpenak jasoko ditu datozen egunetan.

Puntu horiek atzemateko herritarren iritzia jaso nahi du erakundeak, eta horretarako bi bide jarri ditu: batetik, e-posta bidez jasoko ditu arazoak nahiz proposamenak, irisgarritasun.postontzia@gmail.com helbidean; bestetik, berriz, inkesta bat osatu du herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Ekainaren 30a izango da horretarako azken eguna.