Katty Nevado: "Behar gaituen jende horrengandik gertu egon nahi dugu"

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 9a, 11:07
Katty Nevado, atzo udaletxean.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) egoitza berria irekiko du aurki Azpeitian; atzo sinatu zuten udalak eta elkarteak horretarako hitzarmena. Elkarte horretako koordinatzailea da Katty Nevado azpeitiarra.

Duela hiru urte hasi zen Katty Nevado (Azpeitia, 1969) Gipuzkoako AECCn lanean. Elkartearen koordinatzailea da. “Arlo sozialean lan egiteak bete” egiten duela dio, “aberasgarria da nire jarduera profesionalak balio izatea jendearen bizi kalitatea hobetzeko”.

Zer helburu bete nahi dituzue Urola Kostako Minbiziaren aurkako Astearekin?

Pandemiak eraginda hasi ginen iaz eskualdeka minbiziaren aurkako asteak antolatzen. Bidasoaldean egin genuen aurrena, proba pilotu gisara. Pandemiak gure beharra zuen jendearengandik urrundu egin gintuela ikusten genuen. Elkarteari eta bere zerbitzuei ikusgarritasuna eman, eta pazienteengandik eta familiengandik hurbil egon nahi genuen. Horregatik hasi ginen aste hauek antolatzen. Uste dut AECC elkarte nahiko ezaguna dela, baina jendeak ez dakiela zehazki zer egiten dugun, eta aste hauek gure zerbitzuak-eta ezagutarazteko balio dute. Zabalkundea da, beraz, lehen helburua, baina horrekin batera, baita bazkide eta boluntario berriak erakartzea ere. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua gara eta gure finantziazio ia osoa bazkideen ekarpenetan oinarritzen da. Ia 13.500 bazkide ditugu Gipuzkoan. Psikologoak, gizarte langileak… 22 langile ditugu, gure zerbitzu guztiak doakoak dira erabiltzaileentzat, eta horiek ia osorik ordaintzen ditugu bazkideen ekarpenei esker.

Zein da zuen bazkideen profila?

Oso anitza da. Batzuk gaixotasuna oso hurbiletik bizi izan dutenak dira, gure paziente edota senide izandakoak ere badaude; horientzat, beraiek jaso dutena besteen eskura ere jartzeko modu bat da bazkide izatea. Baina minbiziarekin zerikusirik izan ez duten bazkide asko ere baditugu, gure gizarte ekintza bultzatu nahi dutenak. Gizartetim sortutako baliabide pribatu bat gara gu, azkenean, sistema publikoa betetzera iristen ez den esparruetan erantzunak ematea da gure egitekoa.

Boluntarioak ere behar dituzue. Horiek profil jakinik ba al dute?

Boluntarioek askotariko laguntza ematen dute elkartean, eta beren profilak ere askotarikoak dira. Gaixoei konpainia egiten dieten boluntarioak ditugu, adibidez, eta elkartearen ekintzak eta egitasmoak bultzatzen eta antolatzen laguntzen dutenak ere bai. Gau egun ia mila boluntario gara Gipuzkoan. Azpeitian baten batek boluntario izan nahi badu, elkartearen telefonora dei dezake, edo bulego berrira joan daiteke. Profil berezirik ez da behar. Laguntzeko prest egotea da oinarrizkoena, eta bakoitzak ikustea zertan eta nola lagundu dezakeen; horren arabera saiatuko gara gu bakoitzarentzat zerbait aurkitzen.

Zer suposatzen du elkartearentzat Azpeitian egoitza irekitzeak?

Jendearengandik hurbil egotea. Duela bi urte azterketa bat egin genuen, gure egoitzekin lurralde osora zenbateraino iristen ginen ikusteko. Urola Kostaren kasuan, ikusi genuen Azpeitiko eta Azkoitiko oso erabiltzaile gutxi joaten zirela Zarauzko egoitzara. Erabaki genuen Azpeiti, Azkoiti eta inguruko herritarrengana hurbildu behar genuela. Udalari gure asmoa azaldu genion eta oso harrera ona izan dugu.

Zer erronka ditu elkarteak?

Epe motzean bi proiektu berri jarriko ditugu martxan: etxean minbizia bizi duten haurrekin eta gazteekin lan egingo duen psikologo bat gehituko dugu lantaldera; eta osasun orientaziora zuzendutako zerbitzu berriak eskaintzen hasiko gara. Behar gaituen jende horrengandik gertu egon nahi dugu, eta jendeak elkartea eta bere zerbitzuak ezagutzea.

 
Erlazionatuak