Koronabirusa Azpeitian

Sei positibo baieztatu dituzte herrian

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 8a, 13:14

Hamabi positibo baieztatu dituzte Urola Kostan; erdiak, Azpeitian. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du: 335,09koa zen atzo eta 354,8koa da gaur.

Eusko Jaurlaritzak duela minutu gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta dokumentu horren arabera, atzo sei positibo atzeman zituzten Azpeitian. Ondorioz, gora egin du hamalau egnuko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak: 335,09 zen atzo eta 354,80 da gaur. Eremu laranjan jarraitzen du herriak.

Eskualdean, berriz, hamabi positibo zenbatu zituzten orotara. Azpeitiko seiez gain, bi positibo izan dituzte Orion, eta bana izan dute Aizarnazabalen, Azkoitian, Errezilen eta Zarautzen. Azkoitiak eremu gorrian jarraitzen du 492,36ko intzidentzia tasarekin; eta eremu horian daude Orio, Zarautz eta Zumaia, 293,54ko, 167,05eko eta 254,40ko intzidentzia tasekin, hurrenez hurren.

243 positibo Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 10.211 froga egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horietan 243 positibo detektatu dira. Araban 21 atzeman dituzte, Bizkaian 107, Gipuzkoan 70 eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean hiru. 

Erietxeen egoerari dagokionez, azken orduetan 32 pertsona ospitaleratu dira Osakidetzaren mendeko ospitaleetan, eta denera 211 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 84 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.