Koronabirusa Azpeitian

11 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan

Andoni Elduaien 2021ko eka. 7a, 12:51

Azken asteburuan aurrekoan baino kasu positibo bat gehiago atzeman arren Azpeitian, intzidentzia tasa pixka bat jaitsi egin da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu du joan den ostiralaz geroztik egindako PCR eta antigeno probetan hautemandako kasu positiboen berri ematen duen txostena. Urola Kosta eskualdean ia bikoiztu egin dira kasu positiboak azken asteburuan. Joan den astelehenean 22 kasuren berri eman zuen Osasun Sailak, eta gaur, 40 positibo jakinarazi ditu. Azkoitian atzeman dituzte kasu gehien, eta bere atzetik Azpeitia eta Zumaia izan dira positibo gehien baieztatu dituzten herriak. Azpeitian, 11 positibo detektatu ditu Osakidetzak azken hiru egunetan –zazpi ostiralean, hiru larunbatean eta bat igandean–; dena den, intzidentzia tasak zertxobait behera egin du herrian, 348,23tik 335,09ra hain zuzen. Aurreko asteburuan baino kasu positibo bat gehiago hauteman dute azkenengoan Azpeitian; maiatzaren 28tik 30era arteko asteburuan hamar kasu positibo atzeman zituzten.

Azkoitian, berriz, intzidentzia tasak 70 puntu gora egin du, eta 525,74an dago egun. Udalerri horretan, beste hamabost kasu positibo detektatu ditu Osakidetzak ostiraletik atzora bitartean –bost ostiralean, sei larunbatean eta lau igandean–. Zumaian, berriz, bederatzi positibo hauteman dituzte –zazpi ostiralean eta bi larunbatean–. Ondorioz, Zumaiako intzidentzia tasak nabarmen egin du gora, 81,41etik 254,40ra zehazki.

Getarian, Orion eta Zarautzen ere zenbatu dituzte positiboak azken hiru egunetan. Zarautzen, esaterako, hiru positiboren berri eman du Osasun Sailak –bi ostiralean eta bat igandean–. Hango intzidentzia tasa ere puntu batzuk igo da, 167,05etik 175,61era hain zuzen. Getarian eta Orion kasu positibo bana atzeman dute. Getariako intzidentzia tasa 106,01etik 70,67ra jaitsi da, eta Oriokoak 81,54tik 277,23ra egin du gora. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu.

220 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo, 6.022 test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 220 positibo detektatu zituzten. Bizkaian 93 positibo zenbatu zituzten, 54 Gipuzkoan, 39 Nafarroan eta 31 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere positibo eman zuten PCR eta antigeno testetan. Hego Euskal Herriko positiboen ehunekoa %3,6koa izan zen, beraz, atzo.

Ospitaleratzeen inguruko informazioa ere eman du Osasun Sailak txostenean. Gaur-gaurkoz 140 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 84 ZIUn. Bestalde, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasak ere behera egiten jarraitzen du poliki-poliki. Astebetean 1,05etik 0,88ra jaitsi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako R0 indizearen batez bestekoa.