Manresako eta Azpeitiko udalek elkarlanerako akordioa berretsi dute

Julene Frantzesena 2021ko eka. 7a, 12:08

Azpeitian dira Manresako hainbat udal ordezkari gaur, astelehena. Turismo aukerak sustatzeko helburuz sinatu dute hitzarmena bi herrietako alkateek. Gainera, Inaziotar Bideari buruzko lan bilera egin dute.

Azpeitiko eta Manresako (Bartzelona, Katalunia) alkateek elkarlanerako duten konpromisoa berresteko hitzarmena sinatu dute gaur, astelehena. Izan ere, Azpeitian dira Marc Aloy Manresako alkatea, Joan Calmet Turismo zinegotzia eta Albert Tulleuda Manresa Turismoko kudeatzailea.

Goizean sinatu dute akordioa Aloy Manresako alkateak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, udaletxean. Zehazki, turismo aukerak sustatzeko helburuz sinatu dute hitzarmena, baita ondarearen inguruko ekintzak bultzatzeko, helburu komunen bueltan indarrak batzeko eta turismo baliabideak optimizatzeko ere. Hitzarmena sinatuta, Azpeitiko hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan dute Manresako udal ordezkariek, hala nola Basazabal jauregia eta Dinamoa sormen gunea.

Jarraian, Manresako eta Azpeitiko udal ordezkariak Azkoitira joan dira, eta han, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearekin, Iker Goiri Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariarekin, Daniel Solana Basquetour-eko zuzendariarekin eta Ignaxio Echart Loiolako Santutegiko errektorearekin bildu dira, Iraurgi Berritzenek antolatutako topaketan. Inaziotar Bidea kudeatzen duten erakundeen arteko harremanak "ikuspegi turistikotik indartzea" izan da jardunaldiaren heburua, eta elkarrekin aurrera daramaten "lankidetzarekiko konpromisoa berrestea".

Topaketa Azkoitian

Loiolako Inazioren konbertsioaren bosgarren mendeurreneko ospakizunen baitan egin dute topaketa. Izan ere, maiatzaren 20an hasi eta datorren urteko uztailaren 31 bitartean ospakizun urtea dute Jesusen Lagundian, eta horien artean, Ignaziotar Bidearen bosgarren mendeurrena ere ospatuko dute, Loiolako Inazio 1522ko otsailean abiatu baitzen Loiolatik Manresara bidean. Horiek horrela, "mendeurren horiek bai Loiola eta bere ingurua nahiz Inaziotar Bidea turismoaren erakuslehioan" jarriko dituztela iritzita antolatu du topaketa Iraurgi Berritzenek.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "Inaziotar Bideak epe motz eta ertainera hazkunderako potentziala duela ikusi da eta horrek proiektuaren testuinguru turistikoan lanean diharduten Euskadiko nahiz Katalunia eta gainontzeko erkidetako erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana indartzea ezinbestekoa izango dela". Sustapen eta dinamizazio turistikoaren esparruaz gain, beharrezko ikusi dute "ordenazio eta erregulazioan ere sartu beharra", eta guzti horretarako prestutasuna erakutsi dute bileran parte hartu duten erakunde guztiek.

Azpeitiak eta Manresak 2015ean sinatu zuten Inaziotar Bidea sustatzeko lankidetza hitzarmena. Bi erakundeak 2014an hasi ziren elkarlanerako zubiak eraikitzen; izan ere, Manresako alkatea apiril hartan Azpeitian izan zen Manresa 2022 proiektua aurkezten.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala, Azkoitiko Udala eta Iraurgi Berritzen)