Julen Egiguren, Promozio Mailako Buruz Buruko azpitxapeldun

Andoni Elduaien 2021ko eka. 5a, 19:06
Julen Egiguren, ezkerrean. (Argazkia: Aspe)

Pilotari azpeitiarrak 22 eta 7 galdu du Peio Etxeberriaren aurka Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako finalean. Egigurenek azaldu du "merezimendu osoz" irabazi duela finala Etxeberriak.

Julen Egiguren Egiguren V.ak ez du Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketa irabazterik lortu. Peio Etxeberriaren aurka jokatu du finala gaur, larunbata, Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta pilotari azpeitiarrak 22 eta 7 galdu du. 

Egigurenek partidaren amaieran azaldu du Peio Etxeberriak "merezimendu osoz" irabazi duela finala. "Hasieran tanto batzuk gogorrak jokatu ditugu. Tanto horiek kenduta, ordea, Etxeberriak sekulako erritmoa jarri dio partidari. Oso aukera gutxi eman dizkit, eta aukera horietan ez diot minik egin; horrela Etxeberriari irabaztea ezinezkoa da", adierazi du du.

Azpeitiarrak esan du Etxeberria "denbora guztian" bera baino "aurreragotik" aritu dela pilotan. "Abiadura handia eman dio pilotari, eta ezin izan diot pilota kendu. Uste dut horregatik irabazi duela Etxeberriak. Bigarren zatian, berriz, partida guztiz hautsi da. Ez nuen asmatzen nire jokoa egiten, eta Etxeberria oso-oso ondo aritu da. Ez nuen argi ikusten partida nondik hautsi ahal nuen. Tantoa ere une oro berak dominatu du, eta bai eman eta bai bukatu oso ondo egin du Etxeberriak".