Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailako hirugarren postua erdietsi dute Lagun Onakeko neskek

Anartz Izagirre 2021ko eka. 6a, 08:30
(Argazkia: Lagun Onak)

Atzo, zapatua, jokatu zuten etxekoek hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida Touring taldearen aurka, eta 5-1 irabazi zuten errenteriarren aurkako norgehiagoka.

Euskal Ligara igotzeko txartelak ihes egin zion joan zen astean Lagun Onaken emakumeen taldeari, baina atzo, zapatua, Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailako hirugarren postua lortu zuten Garmendipen jokatutako norgehiagokan. Errenteriako (Gipuzkoa) Touring taldea izan zuten aurkari Erregional Mailako hirugarren eta laugarren postuak jokoan zeuden partidan, eta 5-1 gailendu ziren Lagun Onakekoak.

Neurketa osoan zehar eroso aritu ziren etxeko neskak jokoan, eta 10. minutuan heldu zen lehen gola, Izaroren eskutik. Handik gutxira, 22. minutuan, heldu zen bigarrena, eta Joane izan zen orduan golegilea; etxekoen hirugarren gola ere segituan iritsi zen, 27. minutuan, Nahiaren eskutik. Lagun Onakeko nesken partidako beste bi sareratzeak, berriz, atsenaldiaren ostean iritsi ziren; Ane eta Nahia izan ziren golegileak. Touringek, berriz, neurketaren 92. minutuan lortu zuen gola egitea.