Ikusgai daude Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketara aurkeztutako lanak

Anartz Izagirre 2021ko eka. 5a, 11:07
Foru Ibilbideko udal aretoan daude ikusgai parte-hartzaileen lanak. (Azpeitiko Udala)

Ekainaren 17a bitartean izango dira ikusgai parte-hartzaileen lanak, Foru Ibilbideko udal aretoan. Aurten, guztira, 23 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara, eta herritarrek beren gogokoenaren aldeko botoa emateko aukera izango dute erakusketan.

Joan zen maiatzaren 31n amaitu zen 39. Euskal Antzerki Topaketak iragartzeko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta behin tarte hori amaituta, ikusgai jarri dituzte lanak Foru Ibilbideko udal aretoan. Aurten, guztira, 23 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara, eta herritarrek beren lanik gustukoenaren aldeko boza eman ahal izango dute erakusketan.

Ekainaren 17a bitartean ikusi ahal izango dira parte-hartzaileen lanak. Honako ordutegia izango du udal aretoak: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan nahiz igandeetan, 12:00etatik 14:00etara. Erakusketa antolatzeko Arte eta Diseinu eskolako kideen laguntza izan du udalak.