22 kultur proiektu aurkeztu dituzte 2021eko Sormen Beketara

Anartz Izagirre 2021ko eka. 4a, 14:30
2021eko Sormen Beken epaimahaiko kideak.

Epaimahaia atzo, osteguna, bildu zen proposamenak aztertzeko, eta datozen asteetan jakinaraziko dituzte beka jasoko dutenen izenak eta horietako bakoitzak jasoko duen zenbatekoa. Azpeitiko Udaleko ordezkariak "pozik" daude aurtengo deialdiak izan duen erantzunarekin.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, 22 proiektu aurkeztu dituzte kultur sortzaile berriei zuzendutako Sormen Beken seigarren deialdira, eta egitasmoa "indarra eta izena" hartzen ari dela nabarmendu du erakundeak. Epaimahaia atzo, osteguna, bildu zen jasotako proposamenak aztertzeko, eta datozen asteetan jakinaraziko dute nortzuk izango diren beken onuradurak eta zenbateko laguntza jasoko duten horiek.

Urtez urte igotzen ari da Sormen Beketara aurkeztutako proposamen kopurua, eta udalaren arabera maila ere igotzen ari da. Kultur sorkuntza bultzateko nahiz sortzaileei beren obrak sortzeko laguntza ekonomikoa emateko sortu zuten deialdia, eta azken urteetan hainbat proiektu gauzatu dira laguntza horiei esker. Dirulaguntza kopurua ere igotzen joan da urtez urte; lehen deialdian 6.000 eurokoa izan zen, ondorengo urteetan 12.000 eurokoa, eta joan zen urtetik aurrera, 20.000 euro bideratzen ditu udalak Sormen Beketara. Horrez gain, aurten, bigarren urtez jarraian, Azpeitian sormen egonaldiak egiteko 4.000 euro arteko bi laguntza ere emango dituzte.

Udaleko ordezkariak "pozik" daude aurtengo beka deialdiak izan duen erantzunarekin. Ainara Larrañaga Kultur batzordeburuak adierazi duenez, "oso proiektu interesgarriak" jaso dituzte: "Gero eta kultur sortzaile gazte gehiagok aurkezten dituzte proiektuak, eta hori oso pozgarria da. Bizitzen ari garen garai ezegonkor hauetan, gainera, inoiz baino gehiago dagokigu kultur arloa eta sortzaileak laguntzea eta horiei baliabideak eskaintzea". Zentzu horretan, Dinamoa Sormen Gunea sortzaileentzat irekita dagoela nabarmendu du Larrañagak: "Sortzaile guztiek dute han bere proiektuak gauzatzeko lekua. Asko dira bertan aritzen direnak, eta oraindik animatu ez direnak ezagutzera animatu nahi ditut".