Sanjuandegiko festak

Bi urtez jarraian, Mantangorriren bisitarik gabe

Anartz Izagirre 2021ko eka. 4a, 16:00

Ekaineko lehen asteburua berezia izaten da Sanjuandegiko auzotarrentzat, egun eta gau irauten duten jaiak izaten baitira. Gaur, ostirala, Mantangorriren jaitsiera izango litzateke 19:00etan, pandemiarik ez balitz. Aurten, bigarren urtez jarraian, ez da ekitaldirik izango Sanjuandegin, baina auzoko festa batzordea ez da festekin ahaztu. Azken bi hamarkadetan jaiak antolatzen aritu diren hainbat herritarrekin hitz egin du Uztarriak.

Ikur garrantzitsua bihurtu da mantangorria Sanjuandegin, baina aurten, bigarren urtez jarraian, ez du geldialdirik egingo auzoan. COVID-19ak eragindako osasun krisiak beste behin zapuztu egin ditu Sanjuandegiko auzotarren asmoak zein parrandarako gogoa, eta aurten ezer berezirik egingo ez duten arren, datozen urteetan indartsu itzultzeko asmoa dute Sanjuandegiko festa batzordeko kideek.

Aitor Belokik, Maialen Aldalurrek, Ainara Larrañagak, Unai Etxanizek eta Ander Urbietak ondo baino hobeto dakite zer den festak antolatzea; izan ere, azken bi hamarkadetan batzordeko kide izan dira. Urbietak, bostetatik zaharrenak, gogoan du zer garaitan hasi zen festa batzordean: "22 urte nituela-edo hasi nintzen. Urteren batean festak egingo ote ziren edo ez zalantza egon zen, eta tabernariak hasi ziren jaiak antolatzen. Gazte talde bat hasi ginen antolaketan, bost bat lagun edo". Etxaniz apur bat beranduago sartu zen batzordean: "Ni hasi nintzen urtean bi anai-arreba soilik aritzen ziren festak antolatzen, 15 urte inguru-edo izango nituen, eta lagun batekin hasi nintzen". Orduan bestelako festak egiten zituztela dio Etxanizek: "Aurreko urteko egitaraua hartu eta kopiatu egiten genuen. Auzoa festarik gabe ez gelditzea zen helburua".

Etxanizen arabera, batzordera "jende berria" iritsi zenean gauzak aldatzen hasi ziren apurka-apurka. 2000ko hamarkadaren amaieran sartu ziren Ainara Larrañaga, Aitor Beloki eta Maialen Aldalur festa batzordera, eta ordutik, festen etengabeko bilakaera nabarmena izan da. "2008. urte inguruan etorri zen aldaketa handia; taldera jende berria sartu eta festei buelta bat ematen hasi ginen. Festen egitaraua parte hartzaileagoa egiten saiatu ginen". Belokik ere gogoan du garai hura: "Hasiera batean jendea herrigunera joaten zen parranda egitera, eta tabernak itxitakoan Sanjuandegira etortzen zen". Bat dator Etxaniz: "Herritarren joera orokorra zen parranda herrigunean egitea. Gainera, esango nuke zapatu normal batean baino jende gehiago ibiltzen zela Alde Zaharrean Sanjuandegiko festak ziren garaian".

80ko hamarkadatik festan

Igerilekuaren eraikinean duten lokalean 80ko hamarkadatik gaur egun arteko egitarauak gordeta dituzte Sanjuandegiko festa batzordeko kideek, eta horietatik zaharrena, 1984. urtekoa da. Hala dio Urbietak: "Sanjuandegiko festak ospatzen 80ko hamarkadaren aurreneko urteetan hasi zirela esango nuke. Akordatzen naiz lehengo Berdura Plazako burnizko mahaiak ekartzen zituztela, eta horien gainean ezartzen zutela agertokia". Urbietaren arabera, garai hartan zezena libre, soka batetik lotuta soilik, ere ibili izan zen Sanjuandegiko kaleetan zehar: "Behin Diego tabernaren parean geunden zezenaren zain, eta emakume bat atera zen orain Intxaustegi harategia dagoen dendatik; emakumea erosketekin atera zenenean eta zezena libre ikusi zuenean, berehala sartu zen barrura berrio ere".

Batzordea ere 80ko hamarkadatik martxan dagoela dio boskoteak. "Extremaduratik [Espainia] etorritako jende asko bizi da Sanjuandegin, eta horietako askoren seme-alabak festa batzordean ibiltzen ziren. Askok ez zekiten euskaraz, eta egitaraua euskaraz eta gaztelaniaz ateratzen zen garai batean", azaldu du Etxanizek. Urbietak ere gogoan du hori: "Garai bateko festa batzordeko kamiseta zuri bat daukat etxean, alde batean "Sanjuandegiko festak" jartzen du, eta bestean, "Fiestas de Sanjuandegi".

Orduko jaiak oso bestelakoak zirela dio Etxanizek: "Nik festak hilda ezagutu nituen; batzordean bost lagun baginen, bost horiexek ibiltzen ginen festetan lanean. Urte batzuk beranduago, berriz, ezagutu ditut lanean ehun pertsona ibili ginen garaiak ere".

Aitor Beloki, Maialen Aldalur, Ander Urbieta eta Unai Etxaniz.

Zea Maysen urtea

Azken hamarkadan Sanjuandegiko jaiek izandako bilakaeraz eta ospeaz galdetuta, boskoteak aitortu du zenbait urtetan ikaragarri igo zela festetan izandako jende kopurua. Haien arabera, baina, duela bi urte "egonkortzen" hasi zen kontua. "Urte batzuetan gora eta gora egin zuen festak, eta esaten genuen ezin zuela gehiago hazi. Baina igotzen jarraitzen zuen...", azaldu du Larrañagak. Etxaniz ere bat dator: "Urte batzuetan egoerak gain hartu zigun, eta batzordekook geure artean haserretzera ere iritsi ginen. Zea Maysen urtea —2012a— izan zen okerrena; urte hartan Euskotreneko gidariak deitu zidan parranda noiz bukatuko zen galdezka, Zumarragatik zetorren autobusak ezin izan baitzuen geldialdirik egin Sanjuandegin, eta errefortzuak jarri behar izan zituzten". Larrañagak ere gogoan du urte hura: "Txosnetan eta karpan edari guztia gastatu zitzaigun, eta ezagunei deika ibili behar izan genuen edari eske".

Belokiren arabera, parrandaz gain, bestelako ekitaldiek ere indarra hartu zuten duela urte batzuk: "Umeen egun batean, 300 haurrek eman zuten ekintzetarako izena, eta momentu batean ezin izan genion guztiari erantzun. Auzoak ezin zion parte-hartze horri erantzun; tabernetan ez zegoen egoteko lekurik, ezta afaltzeko lekurik ere…". Kontuak kontu, hurrengo urteetan hobeto prestatu zirela dio hark: "Talde entzutetsuak ekartzen genituen jaietara, eta geure buruari galdetu genion zer-nolako festak eta zeinentzako nahi genituen. Orduan, herriko taldeen kontzertuak antolatzen hasi ginen".

Etxanizen arabera, Sanjuandegiko "boom-a" aprobetxatuta, beste auzoetako herritarrek jaiak antolatzeko laguntza eskatu zieten: "Hemen gertatu zen moduan, Urrestillan eta Martirietan ere festek indarra hartu zuten. Horrez gain, Marea Arroxa ere garai horretan hasi zen". Belokik dio "mugimendu handia" izan zela urte haietan: "Elkar elikatzen ginen, eta auzo izaerako mugimendu bat sortu zen inguruan". Horrez gain, festa batzordeak auzotarren arteko harremanak hobetzen ere lagundu zuela dio: "XJ Auzolanean taldea sortu zen, eta jaietatik aparte urte osoan ekitaldiak antolatzen hasi zen talde hura".

Mantangorri, auzoko intsektu

Pandemiagatik ez balitz, gaurko egunez, 19:00etan, jendez beteta egongo zatekeen Jose Antonio Agirre plaza, bertan izaten baita Mantangorriren etorrera. Zenbait urte igaro dira Mantangorriren sorreratik, eta Aldalurrek gogoan du nolakoa izan zen: "Bileretako batean bota zuen ideia batek: festei hasiera emateko zerbait bota behar genuela…". Belokik dioenez, "bete-betean" asmatu zuten Sanjuandegiko maskotarekin: "Umeek bere egin zuten Mantangorri". Etxanizek dio Mantangorri lehen aldiz atera zutenean ez zutela ia ezer prestatuta: "Beti presaka ibiltzen ginen, eta maskota eginda zegoen, baina ez genuen jaitsiera egiteko sokarik. Nola edo hala inguratu genuen zerbait".

Datozen urteetara begira, berriz, "erreleboa" eskatzen dute Aldalurrek eta Belokik. "Guk bide bat ireki dugu, eta datozen belaunaldiek erabakiko dute zer forma eman festei", azaldu du Aldalurrek. Hala dio Belokik ere: "Oinarri bat badago, eta orain gazteei dagokie horrekin jarraitzea. Gu prest egongo gara laguntzeko". Azken aldiz 2019an egin ziren Sanjuandegiko festak, eta Larrañagak dio orduan gazte batzuk hasi zirela jada ardurak hartzen: "Errelebo hori guztiz emanda egon zitekeen pandemiagatik izan ez balitz". Kontuak kontu, XJ festa batzordearen barruan edo kanpoan, baina boskoteak ez du auzoko jairik gabe gelditzeko intentziorik. "Garrantzitsuena norbera festazalea izatea dela diote", dio Etxanizek.

(Argazkiak: Urola Kostako Hitza eta XJ Auzolanean)