Koronabirusa Azpeitian

Eremu laranjatik irten ezinik

Atzo sei positibo baieztatu zituzten herrian. Horiekin, 26 lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan den astean baino sei gehiago. Dena den, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa jaitsi egin da apur bat; 302,23koa da zifra hori gaur-gaurkoz, eta 328,5ekoa zen duela astebete. Eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, sei positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian. Azken zazpi egunetan, 26 kasu atzeman dituzte guztira; joan zen asteko kopurua baino handiago da hori –hogei zenbatu zituzten orduan–. Astebetean zenbatutako positibo kopuruak gora egin duen arren, zertxobait jaitsi egin da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: 302,23koa da zifra hori gaur-gaurkoz, eta 328,5ekoa zen duela astebete. Horrenbestez, eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak.

Urola Kosta eskualdean, gorabeheratsu jarraitzen du egunez egun atzematen dituzten positiboen kopuruak. Atzo hogei positibo baieztatu zituzten, herenegun baino hiru gehiago, baina asteartean baino hamabi gutxiago. Kasu positibo gehienak, berriz ere, Azkoitian hauteman zituzten atzo: bederatzi. Hura da eremu gorrian jarraitzen duen eskualdeko herri bakarra. Aste guztian 32 positibo izan dituzte han. Zarautzen eta Zumaian bina positibo zenbatu zituzten atzo, eta Orion atzeman zuten bestea. Hiru herri horiek eremu horian daude. Zarautzek 102,72ko intzidentzia tasa du, Zumaiak 162,82koa eta Oriok 260,93koa. Zarautzen 26 positibo izan dituzte aste guztian, Orion hamahiru eta Zumaian hamabi.

5.000 biztanletik beherako eskualdeko herrietan, lasaitasuna da nagusi. Atzo ez zuten positiborik hauteman haietan, eta azken zazpi egunotan ere oso gutxi izan dituzte. Aian, Getarian eta Zestoan positibo bana baieztatu dute aste guztian, eta Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bakar bat ere ez. Horrenbestez, oso intzidentzia tasa baxuak dituzte.

Positibotasun tasa gora

Hego Euskal Herrian 382 emaitza positibo izan dira atzo egindako probetan; hain zuzen, 160 Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, 44 Araban eta hiru beste lurralde batzuetan. Herenegungo probetan kasu gutxiago baieztatu zituzten; 368. Nafarroan aste osoko daturik onena izan da gaur argitaratutakoa, baina zertxobait igo da positibotasun tasa; %3,2koa izan zen atzo, eta %3,1ekoa herenegun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du positibotasun tasak, %3,3tik %4,1era.

Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egiten jarraitzen du egoerak. COVID-19ak jota ZIUetan dauden pertsonen kopurua 100etik beherakoa izan da aurreko asteburutik, eta gaur egun, 83 dira. Guztira, 238 dira koronabirusa dela-eta Osakidetzan ospitaleratuta dauden pertsonak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide