Gogoratzeko mendeurrena

Gipuzkoako Hitza 2021ko eka. 6a, 10:35

Maiatzaren 20an hasi zen Ignatius 500 ignaziotar urtea; Loiolako Ignazio eraldatu zuen 'esperientzia' dago oinarrian. Urolakoen Nafar Zuzterrak ez dago ados Ignaziori buruzko kontakizunekin. Aitziber Arzallus kazetariak honako erreportaje hau egin du Gipuzkoako Hitzarako.

Ospakizun urtea dute mundu guztiko jesuitek. Maiatzaren 20an eman zioten hasiera Ignatius 500 ignaziotar urteari, eta datorren urteko uztailaren 31ra bitartean, dozenaka ekitaldi egingo dituzte Azpeitiko Loiolan, Iruñean, Manresan (Herrialde Katalanak), Erroman, Madrilen zein munduko beste hainbat lekutan. Loiolako Ignazio betirako eraldatu zuen “esperientziaren” bosgarren mendeurrena dute ospatzeko. Izan ere, 1521eko maiatzaren 20an jazotako gertakari batek eragin zuen Ignazioren konbertsioa. Horren ostean, armak utzi zituen, erlijioari heldu zion, bere buruari Inazio izena jarri eta mundura irten zen; urte batzuk geroago, Jesusen Lagundia edo Jesusen Konpainia sortu zuen, jesuiten ordena erlijiosoa.

“1521ean Frantziako armada indarrez sartu zen Nafarroan, erregea berriro tronuan jartzeko asmoz, eta Ignazio Loiolakoa Iruñea defendatzera joan zen”, esaten dute haren jarraitzaileek. “Erresumako garai bateko hiriburua frantziarren esku zegoen, baina Ignazio zitadelan sartu zen buru-belarri defendatzeko, bizia emateko prest. Mendekoste astelehenez, maiatzaren 20an, bala batek eskuineko oina txikitu zion, eta ezkerrekoa zauritu. Familiaren dorretxean hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta, hilzorian egon zen arren, salbatu egin zen”. Ohean egin behar izan zituen hilabeteak santuei buruzko liburuak irakurtzen pasatu omen zituen, eta Ama Birjina ere agertu omen zitzaion. Hortik, konbertsioa edo eraldatzea.

Xehetasun garrantzitsuak

Gertaera horien inguruko beste bertsiorik ere bada, ordea, eta garrantzitsuak dira xehetasunak, historiaren zentzua erabat alda dezaketelako. Mirari Bereziartua Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeko kideak eman ditu zertzelada batzuk. “Frantziako armada zela diotena euskal nafarrez, biarnesez, gaskoinez eta mertzenarioz osatuta zegoen; beraz, nafarrak ziren, euskaldunak”. Bereziartuaren hitzetan, egia da 1521eko maiatzaren 20an Ignazio Loiolakoa Iruñean zegoela, baina gezurra da Nafarroako hiriburua defendatzen ari zela. Henrike II.a Nafarroako erregeak 9.000 laguneko tropa bat bidali zuen Iruñera, 1512an Gaztelak kendutakoa berreskuratzera, eta Iruñeko herritarrak ere hiria okupatzen zuen Gaztelako armadaren aurka matxinatu ziren. “Iñigo [Ignazio] han zegoen, baina gaztelarren alde eta nafarren kontra ari zen borrokan, eta ia bizia utzi zuen ahalegin horretan”.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.