Koronabirusa Azpeitian

COVID-19aren zabalkundea eteteko sentsibilizazio kanpainako kideak Azpeitian ibiliko dira bihar

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 4a, 10:38

Herritarrei, ostalariei eta horien bezeroei ostalaritza establezimenduetan bete beharreko neurriak zeintzuk diren gogoraraziko dizkiete: maskara erabiltzea derrigorra dela, eserita kontsumitu behar dela, gehienez lauko taldeetan egon daitekeela, eskuak sarri garbitu behar direla eta elkarren artean metro eta erdiko tartea utzi behar dela.

Bihar, tabernak gauerdirarte zabalik egongo diren lehendabiziko larunbatean, COVID-19aren kontrako neurri higieniko eta sanitarioak egoki betetzearen garrantziaz ohartarazten ibiliko dira hainbat lagun herriko kaleetan. Pandemia eteteko neurrien inguruan herritarrak eta ostalariak sentsibilizatzeko kanpainako dinamizatzaileak izango dira. Kanpaina hori iazko udan jarri zuten abian Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteek, eta herriz herri ibiltzen dira dinamizatzaileak. Iazko uztailaren bukaeran ere etorri ziren herrira.

Herritarrei, ostalariei eta horien bezeroei indarrean dagoen osasun araudiren inguruko informazioa emango diete, eta, batez ere, ostalaritzan establezimenduetan bete beharreko oinarrizko bost arauak zeintzuk diren gogoraraziko dute: maskara erabiltzea derrigorra dela elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik; eserita kontsumitzea derrigorra dela; gehienez lauko taldeetan bil daitekeela; eskuak sarri garbitu behar direla; eta pertsonen artean 1,5 metroko tartea gorde behar dela.